Aimar Irigoien garaile Gipuzkoako Harri Handien txapelketan

Ainhoa Gil 2019ko urr. 14a, 11:47

Urriaren 13an jokatu zen, Zizurkilen, Gipuzkoako Harri Handien txapelketa. 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko bola izan zituzten arerio bost harrijasotzailek. Jokin Eizmendi, Jon Unanue 'Goenatxo III', Aimar Galarraga, Xabier Aranburu 'Guzta' eta Aimar Irigoien aritu ziren, hurrenkera horretan. Irigoien errezildarra izan zen garaile garbia.

Bi minutuko txandak izan zituen kirolari bakoitzak, harri bakoitzari ahalik eta altxaldi gehien emateko. Jendetza bildu zen Zizurkilgo Pello Mari Otaño plazan, harrijasotzaileen jarduna gertutik jarraitu eta txalotzeko. Ikuskizun polita eskaini zuten guztiek ere. Iazko txapeldunak, ordea, ez zen gainerakoei aukera handiegirik utzi.

Besteen gainetik aritu zen Aimar Irigoien eta azken emaitzak garbi uzten du hori. Guztira, 6675 kilo altxa zituen Irigoienek igande arratsaldeko saioan. Jokin Eizmendi izan zen bigarren, 5750 kilorekin. Goenatxo III-k 4350 kilo bizkarreratu zituen denera eta azken bi postuetan sailkatu ziren Aimar Galarraga eta  'Guzta', 4250 kilo jasota.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!