Hizkuntza gutxituak aztergai izango dituzte

Ainhoa Gil 2019ko urr. 14a, 09:58
Ekimenean parte hartuko duten zortzitik sei gazte zizurkildarrak, aurkezpen egunean.

Erasmus+ programaren barruan, hizkuntza gutxituen inguruko hausnarketa egingo dute Euskal Herriko eta Irlandako 32 gaztek. Tartean, zortzi zizurkildar arituko dira lanketa horretan. Urriaren 29an abiatuko dira Irlandara, astebeteko egonaldia egitera. Erreportaje osoa azken Aiurri hamaboskarian irakur daiteke, 546 zenbakian.

Hamalau eta hamasei urte arteko gazteek hizkuntza gutxituen inguruko hausnarketa egin dezaten antolatutako ekimena da urrian eta abenduan zehar garatuko dena. Hogeita hamabi parte-hartzaile izango ditu guztira ekimenak; Euskal Herriko hogeita lau, eta zortzi irlandar.

Gazteen artean hausnarketa sustatu eta bultzatzeko helburuz, bi egonaldi egingo dituzte; Irlandan lehenengoa, Euskal Herrian bigarrena. Tailer eta lanketa bereziak egingo dituzte bi egonaldi horietan zehar eta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak izango dituzte aztergai, besteak beste.

Hizkuntza ohiturak
Zizurkil eta Elgoibarko Gaztelekuetan dago proiektuaren abiapuntua. Zizurkilgo Gaztezuloko erabiltzaile helduenen hizkuntza ohiturek kezka sorrrarazi dute azken hilabeteetan. Iker Urruzola alkateak azaldu duenez,"kezka hori abiapuntu gisa hartuta, Zizurkilgo Udalak proiektu bat abiaraztea erabaki du eta bide horretan Elgoibarko Udalarekin egin du topo, kezka berdina daukatelako".

Iparraldera ere zabaldu dute ekimena eta Donibane Garaziko Lizeo publikoko gazteek hartuko dute parte. Beraz, guztira Euskal Herriko 24 gazte murgilduko da hizkuntza gutxituen inguruko hausnarketa prozesuan. "Bide batez, eta honek poz berezia ematen dit, Iparralde eta Hegoaldearen arteko zubia ere izango da ekimena", gaineratu du Iker Urruzolak. Iparraldean euskarak bizi duen egoera gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute, beraz, gazte zizurkildarrek.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!