Aiztondo bailarak ere Kataluniarekin bat egin zuen

Ainhoa Gil 2019ko urr. 15a, 10:10

Gure Esku Dago herri mugimenduak deituta, Aiztondo bailarako elkarretaratze zaratatsua egin zen atzo Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Kataluniako auziaren sententziaren inguruko desadostasuna adierazteko.

Elkarretaratzearen amaieran, gainerako herrietako manifestu bateratu bera irakurri zen, injustizia nagusitu dela salatzeko: "Oinarrizko eskubideen alde mobilizatu gara gaur. Erreferendumaren krimonalizazioaren aurka, eta herrien eskubide kolektiboaren alde. Errepresioaren bidearen aurka, eta elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde". 

Epaileen jokabide arbitrarioa salatu zuten Joxe Arregi plazan egindako bilkuran ere: "Epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Horregatik, epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela ozen aldarrikatu dugu hilabeteotan Kataluniako, Euskal Herriko eta Espainiako zein, oro har, nazioarteko milaka ahotsek; baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude”.

Gure Esku Dagok sententziarekiko desadostasuna agertu zuen, erreferenduma tresna erabilgarri gisa aldarrikatuz. Are gehiago, Euskal Herrian martxan jartzeko egitasmoa iragarri dute: “Erreferenduma kriminalizatu du Espainiako Auzitegi Gorenaren epai honek. Ez gaude ados. Erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Etorkizuna erreferedum bidez erabakitzea eskubide demokratiko bat da. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu. Izan ere, etorkizuna erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat lantzen ari gara hainbat eragile, erabakiaren bidea ireki nahi dugulako. Horregatik diogu, ebazpen honen aurrean, gure helburua berretsi baino ezin dugula egin: gure etorkizuna Erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo. Horregatik, erreferendumaren aldeko herri ekimena lantzen ari gara, eta aurrera jarraituko dugu: aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin”.

Espainiako ordezkariak oker daudela adierazi dute, bereziki azken urteotako justiziarekin zerikusia duten hainbat erabakirekin: “Zigor epai honekin, Altsasuko gazteen aurkako sententziaren, errepresioarekin eta 155. artikulua ezartzearen mehatxuarekin beldurturik nahi gaituzte, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako. Ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari. Aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dugu”.

Kataluniakoei bezala, Altsasukoei ere besarkada luzatu zieten: “Eta besarkada estu bat ere Altsasuko gazteentzat eta haien senideentzat. Altsasukoak ere aske nahi zaituztegu! Nahikoa da! Bidegabekeriaren aurrean, beti elkartasuna. Oztopoen aurrean, irudimena eta ahalegin kolektiboa”.

Larunbatean, Donostian

Elkarretaratzearen amaieran, manifestazio nazionalera hurbiltzeko deia luzatu zuten: “Gaur mobilizatu gara, eta mobilizatzen jarraitu beharko dugu. Datorren larunbatean, urriaren 19an, manifestazio nazionala egingo dugu Donostian, auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde. Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!