"Ikerketa lanetan jarraitzea gustatuko litzaidake"

Aiurri 2019ko urr. 26a, 16:17
Elena Gabirondo EHUko fakultateko laborategian, bere eguneroko jardunean.

Kimikako doktoradutzan dihardu buru-belarri Elena Gabirondo Amenabar zizurkildarrak, EHUko kimikako fakultatean. Urtebete darama doktoradutzako proiektuan lanean, eta bere lanarekin gustura sentitzen dela aitortu du.

Jarraian Aiurri aldizkaiaren 547 zenbakian argitaratu den elkarrizketaren hasiera.

Plastikoaren inguruan ari zara lanean azken urteetan. Zertan datza zehazki zure proiektuak?
Lehenik plastikoa lortzean, baina era berdean, hau da, substantzia toxikoak erabili gabe. Industrian existitzen diren plastikoak dira, baina bertan toxikoa den disolbatzailea erabiltzen da, besteak beste. Plastiko hori sortzeko erabili diren erreaktiboak kaltegarriak dira ingurugiroarentzat. Era berdean sortutakoak, berriz, baliagarria izan behar du industrialki erabiltzeko ere, baina, plastiko hori birziklatzean hasierako egoerara bueltatu behar da berriro. Bueltan etorriz gero, suposatzen da hasierako molekula berdinak direla eta berriro egin daitekeela plastiko bera. Horri kimikoki birzkiklatzea esaten zaio.
Hondakinak edukiontzi horira botatzen ditugunean, pentsatzen dugu plastikoa birziklatu egiten dela, baina errealitatean plastikoa erre edo urtu egiten dute, gero beste forma bat emateko. Normalean horien propietateak txarragoak dira. Modu horretan, plastiko botila birziklatzean, berriro ez da izango botila; kamiseta bat izan daiteke. Propietateak etengabe txartzen doaz. Ni lanean ari naizen proiektua ondo aterako balitz, beti plastiko kantitate berdina edukiko genuke munduan bueltaka.

Nola egiten da hori?
Plastikoak sortzeko, molekulak elkartu egin behar dira, lepokoa egiteko bolak elkartu behar diren bezalaxe. Erreakzioen bitartez lortzen da molekulak elkartzea. Katalizatzaile bat bota eta baldintza batzuk gertatu behar dira molekulak elkartzeko. Elkartzean polimeroa sortzen hasten da, guk ezagutzen dugun plastikoa. Ipini diren baldintzen arabera kate horiek luzeagoak edo laburragoak ateratzen dira;  modu horretan, bukaerako plastikoak propietate ezberdinak edukiko ditu.

Eta zer moduz doa proiektua?
Oraindik teknika perfekzionatzeko dago, baina egitea posible dela ikusi dut. Espainiako Ministeritzak beka eman dit lau urtetarako. 
Plastiko konkretu batekin ari naiz lanean, PLA deitzen dena. Supermerkatuetan barazkiak, frutak..., erretilu edo bandeja transparente modukoan etortzen dira. Plastiko hori da PLA. Erabilera bakarra izan ohi du normalean; ondoren zakarrontzira botatzen da. Egunean, plastiko horren izugarrizko hondakin piloa sortzen da. Industrialki bi pausotan sortzen da PLA plastikoa, eta  pauso bakarrean sortzeko ari naiz lanean. Egia da berdeagoa dela, ez dela toxikoa; baina batzuetan propietateak ez dira hain onak ateratzen pauso bakarrean.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!