Irlandatik itzuli dira Erasmus+ egitasmoko partaideak

Aiurri 2019ko aza. 15a, 10:17

Urriaren 29tik azaroaren 4ra, Irlandan izan dira Erasmus+, hizkuntza gutxituen inguruko elkartrukean parte hartzen ari diren Elgoibarko eta Zizurkilgo nerabeak. Eurekin batera izan dira Donibane Garaziko gazteak. Guztira 24 nerabe joan dira hemendik Irlandara, Galwayra, eta bertako Muintearas Teo elkarteko zortzi neraberekin izan dute elkartrukea.

Irlandatik itzuli berri dira, eta bidaiko kronika igorri dute:

Guztira, 32 nerabe eta 8 hezitzaile izan dira Galway-ko egonaldian. Gogoan izan behar dugu proiektu honek Eusko Jaurlaritzaren babesa duela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zizurkil eta Elgoibarko udalek antolatu dutela Donibane Garaziko Lizeo Publikoa eta Irlandarekin elkarlanean. 

Proiektu horren helburua nerabeak Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, Europako leku ezberdinetako nerabeek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea da.

Irlandako egonaldiaren helburua, beraz, hizkuntza gutxituei buruz hausnartzea eta gaelikoaren errealitatea ezagutzea izan da, nerabeen eguneroko errealitatea ezagutzea.

Esperientzia bikaina izan dela aditzera eman dute gure nerabeek, oso gustura egon direla eta aberasgarria izan dela hango berri izatea.

Astean zehar egindako ekintzak ugari izan dira: hizkuntzari lotutako tailerrak, elkar ezagutzeko jokoak, Euskal Herria eta Irlanda hobeto ezagutzekoak, musika eta dantza tradizionalen saioa… Bertako telebista ere bisitatu dute, baita Gaeltacht ere, euren lana Gaelikoaren erabilera hainbat eremutan sustatzea da. Paisaiaz gozatzeko aukera ere izan dute, eguraldia lagun ez izan arren.

Bigarren itzulia izango du proiektuak abenduaren 2tik 9ra, 32 nerabe horiek euren hezitzaileekin Hondarribiko aterpetxean elkartuko baitira, orduan euskararen errealitateari buruzko lanketa egiteko. Jarduerak euskaraz eta ingelesez egingo dituzte".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!