Sari-banaketarekin amaitu da aurtengo Liburuaren Astea

Ainhoa Arozena 2019ko abe. 21a, 09:55

Atzo arratsaldean banatu ziren XVIII. Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketako sariak. Baita Booktrailer lehiaketakoak ere. Urtero bezala, sariak banatzera etorri zen Teodoro Hernandorena zenaren iloba. Jende ugari bildu zen Plazida Otaño liburutegiko balio anitzeko gelan.

Liburuaren Astearen baitan egin zen sari-banaketa eta antolatzaileek, 2019a urte oparoa izan dela eta idazteko zaletasuna bailaran pil-pilean dagoela adierazi zuten; 379 ipuin jaso da guztira: A mailan 90 lan, B mailan 208, C mailan 50, D mailan 28 eta E mailan 3. Azken maila horretan, 17 urtetik gorakoen artean, lehiaketa sustatzeko erronka jarri dute antolatzaileek hurrengo urterako.

A maila (6-8 urte)

1. saria: Haizea Zuntzunegi Diatta (8 urte), “Neska zakilduna” lana.

Biziki narrazio fresko eta polita, ongi kontatua eta ongi egituratua hiru paragrafotan. Gaia bi sexuen berdintasuna da eta horixe da lana egiteko erabili duen korapilo mentala,  idazlaneko azken perpausan ongi islatzen eta laburbiltzen duena. Rol sozialen aurkako jarrera erakutsi du. 

2. saria: Xubane Iruretagoiena (8 urte), “Leire eta katua” lana.

Narrazio bitxia, polita eta ongi bideratua. Bizipenetatik abiatua eta harremanak lantzen dituena.

Aipamen berezia: Anari Eizmendi Jimenez (8 urte), “Gozoki denda berria” lana.

Narrazio polita eta ongi gidatua, tarteka, errealitatetik abiatuta jarrera moralistak erakusten dituena.

B maila (9-11 urte)

1. saria: Nerea Morales Herrero (11 urte), “Amelia eta bere fantasia” lana.

Ipuin nobelatua, suspentsea bukaera arte mantentzen dueña, eta denboraren aldetik hainbat alditan banatutako narrazioa. Irakurlea istorioaren korapiloan harrapatzen du. Euskararen aldetik biziki aberatsa.

2. saria: Irene Ormaetxea Lasa (10 urte), “Pertsona ezezagunaren 3 notatxo” lana.

Narrazio ederra eta ongi egituratua, gaiaren aldetik originala eta euskararen aldetik aberatsa.

Aipamen berezia: Kaiet Ormazabal Leizaola (10 urte), “Pantailaren atzeko mundua” lana.

Ipuin polita bere baitan gogoeta erakusten duena. Istorioa ildoaren inguruan ongi gidatua.

C maila (12-13 urte)

1. saria: Auritz Alkorta (13 urte), “Zapata parearen istorioa” lana.

Jaso ditugun ipuin guztien artean ausartena eta irudimen gehien duena. Idazkera garbia eta maila onekoa du, eta narrazioa sendoa da. Meritu itzela du bi zapata zahar hartu eta horrelako pertsonaiak ondo eraiki ahal izateak. Epaileek ez dute inongo zalantzarik izan ipuin hau irabazle izendatzean. Irakurketa atsegina eta ederra izan da.

2. saria: Elorri Oyarbide Guereñu (13 urte), “Begiak itxi…” lana.

Gernikako gertakari mingarriaren kronika latz eta sentimenduz betea. Ume baten ikuspuntutik narratzeak sentiberatasun handia eman dio ipuinari, bere onerako. Asko harritu gaitu idazleak unerik garratzenak deskribatzeko aukeratu duen moduak baina, aldi berean, eskertzen da horrelako pasarte gogorra batere zurikeriarik gabe idatzi izana. Injustizia handi baten aurkako oihu ausarta, primeran eta garbi idatzia.

D maila (14-16 urte)

1. saria: Unai Pernas Larrañaga (15 urte), “Autobus geltokia” lana.

Pertsonaiaren azalean jartzen gaitu ondo zaindutako xehetasunekin, haren egunerokoan barneratuz. Zahartzaroa, itxaropena… bezalako gaiak lantzen ditu gogoa lausoturik duen Antonioren begietatik enpatia handiz, bizitzaren aurreko jarreraren metáfora eder bat eraikiz.

2. saria: Asier Arabaolaza Usarralde (16 urte), “Hil eta jaio” lana.

Originaltasuna dago ipuinaren planteamenduan: bigarren pertsonan hitz egiten dio narratzaileak protagonistari, ustekabean harrapatuko gaituelarik kontakizunak aurrera egin ahala noren ahotsa den mintzatze zaiguna. Existentzia, bizitzaren zentzua bezalako gai abstraktu eta korapilatsuak lantzen ditu modu oso sinplean, elkarrizketekin erritmo bizia emanez hausnarketa hauei.

E maila (17 urtetik gorakoak)

1. saria: Xabier Ariznabarreta Olarte (46 urte), “GIB” lana.

Irudiz beteriko fabula bat da, non txori talde baten migrazioarekin bat egingo dugun, sarri gizatiarregia egingo zaiguna. Abentura kontakizun formula du, eta oso erraza da bertan agertzen diren pertsonaiekin konektatzea, beraien karismagatik gehien bat. Protagonistak oso ondo eraikita daude. Antagonistek, berriz, ondo sendotzen dute istorioaren gatazka, protagonistei zailtasunak eta galbideak ekarriz. Haur eta helduek maila berdinean gozatzeko modukoa, oreka hori lortzea zaila den arren. Irakurleak gizaki asko identifikatuko ditu, tamalez, ipuin honetan.

Sari-banaketaren amaieran Adunako Xabier Ariznabarretak hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkien bai Teodoro Hernandorena zenari nahiz haren ilobari, bai lehiaketa antolatzen duten Zizurkilgo Udaleko kideei eta baita lehiaketan parte hartzera animatu zuen bere bikotekideari ere. Migranteen gaia gertutik ezagutzen du eta gai horixe landu du bere lanean. Aurtengo Liburuaren Astean, abenduaren 17ko Migratzaileen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat ekintza antolatzea kasualitate pozgarria izan dela adierazi zuen atzokoan. Bide horretan ezagutu eta babestu duten 21 urteko enarari eskaini zion saria.

Booktrailer lehiaketako irabazleak

DBH1-2 kategorian

Liburua: Ezekiel
Ibai Caballero
Unax Belamendia
Oihane Jauregi
Libe Nabaroa

DBH3-4 KATEGORIAN

Liburua: Tximeletaren oihua
Gorka Aranburu
Naiet Jauregi
Iñaki Atxaga
Udane Altuna

NORBANAKOA

Liburua: Ihes betea
Miren Zumeta

 

Idazmen tailerra, Oihana Iguaranekin
Saioaren amaieran, gonbitea egin zuten. Urtarrilean, Oihana Iguaran bertsolariak gidatuko duen idazmen tailerra egingo da Plazida Otaño liburutegian, gazteei zuzenduta. Bertan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da liburutegian bertan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!