Euskara eredu, irlandarrentzat

Olatz Lasa 2020ko urt. 24a, 12:27

Erasmus+ programaren bitartez, Irladan eta Euskal Herrian egin dituzten egonaldietan ikasi dutena plazaratzeko aukera edukiko dute Zizurkilgo gazteek hurrengo hilabeteetan eskolan nahiz herrian. Horixe baita elkartrukearen baitan programaren beste helburuetako bat.

Artikulua osorik, Aiurri hamaboskariaren 553. alean.

Zortzi zizurkildar Irlandan izan dira astebetez bertako hizkuntza gutxitua den gaelikoa gertuagotik ezagutzen, Erasmus+ programaren baitan. Elgoibartik eta Ipar Euskal Herritik ere beste zortzina gaztek egin dute bat programarekin. Elkarrekin joan ziren  Irlandara urriaren 29tik azaroaren 4ra, eta ondoren irlandarrak etorri ziren Euskal Herrira abenduaren 2tik 9ra. Egonaldiak amaituta, esperientziaren berri azaldu dute Zizurkilgo Aitor Arruabarrenak, Alex Rebollok eta Gaztezulo gazte lokaleko begiralea den Ane Artutxak.

Euskarak Euskal Herrian bizi duen egoerarekin alderatu ahal izan zuten Irlandako gaelikoaren egoera. Aitor Arruabarrenak eta Alex Rebollok azaldu dutenez, "euskara baino egoera okerragoan dago gaelikoa. Ingelesak indar handiagoa du".

Telebistara eta irratira joateko aukera eduki zuten Galway hirian zeudela eta "guk hemen ETB dugun bezala, beraiek TG4 telebista kate bakarra dute gaelikoz", azaldu du Rebollok.

Hezkuntza mailan, esaterako, hango hezitzaileekin hizkuntza ohiturei buruz hitz egiteko aukera eduki zuen Gaztezuloko hezitzaile den Ane Artutxak eta bi herrialdeen kasuan, egoerak nolakoak diren azaldu zioten elkarri, alderaketak eginez. "Gurean ikasgai guztiak, ingelesa eta gaztelania kenduta, euskaraz diren bezala, han ikasgai bat gaelikoa dute eta gainerako ikasgai guztiak ingelesez dituzte. Hezitzaileen artean alderaketak egiten genituen eta aberasgarria izan da beren egoera ezagutzea", adierazi du.

Irlandarren egonaldia Euskal Herrian

Abenduko lehen astean, 2tik 9ra bitartean, etorri ziren irlandarrak Euskal Herrira. Hondarribiko aterpetxean egin zuten egonaldia eta egun horietan zehar irteera eta ekintza ezberdinak antolatu zituzten irlandarrekin batera, hala nola Durangoko azokara edota Gipuzkoako Foru Aldundira. Erreala futbol taldeak euskararen D ereduaren inguruan duen proiektua ezagutzeko aukera ere eduki zuten Zubietan.

Irlandarrak Euskal Herritik gehien harritu dituena bertako paisaiak izan dira. Eta hizkuntzari dagokionez, euskara beren eredu delakoan daudela adierazi du Arruabarrenak eta "pauso berberak jarraituta, lortuko dutela guk lortu duguna".

Ane Artutxak positibotzat du Zizurkilgo gazteek bizi duten esperientzia, izan ere gazteak hizkuntza gutxituekin lotzen dituen lanketaren bat egiteko beharrari heldu dio Erasmus+ programak. "Esperientzia ona izan da bai beraientzat eta baita niretzat ere. Bestelako egoerak ezagutzeko aukera polita izan da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!