Bigarren saskia, Naroa Cruz gaztearentzat

Aiurri 2020ko mar. 12a, 17:35

Erosketak Zizurkilen bertan eginez, herria bizirik mantentzeko helburuarekin sortu zen 'Bi Xexto' ekimena. Zizurkilgo denda eta tabernetako kontsumitzaileen artean bi saski eder zozkatzeko ideia.

Zizurkilgo Udalak eta herriko taberna nahiz komertzioek butzatu dute ekimena. Martxoaren 5ean banatu zuten lehen saskia eta, gaur arratsaldean bigarrena, 20514 zenbakiaren jabearentzat izan dena. Iruran bizi den Naroa Cruzek pozarren jaso du saria, Iker Urruzola Zizurkilgo alkate eta Natalia Hernandez Alaiena supermerkatuko (Eroski) arduradunaren eskutik. Izan ere, Alaiena supermerkatuan egindako erosketa baten truke eskuratu baitzuen txartel saritua.

Iker Urruzola alkatea ere pozik agertu da ekimenak herrian sortu duen giroarekin. "Herriko komertzioa bultzatzeko jarri genuen abian ekimena. 32.000 zenbaki, 16.000 boletoren artean egin zen zozketa eta bisiesto egunean 'bi xexto' zozkatu genituen. Lehenengo saskia adineko pertsonek jaso zuten, gazteak bigarrena. Ondo banatuta geratu dira bi saskiak", adierazi du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!