Ona da heriotza gertatu den momentuan errituren bat egitea

Ainhoa Gil 2020ko mai. 4a, 08:54

Oso egoera gogorrak ekarri ditu koronabirusak etxe askotara. Inguruko norbaiten heriotza bizitu dutenek, ezin izan dituzte ohiko agur-errituak egin. Maider Sierra psikologoak egoera horietan lagungarri izan daitezkeen hainbat ideia eman du:

Ezohiko egoera honetan, oso momentu zailak bizitzen ari dira familia askotan. Esaterako, gaixorik dagoenari ezin zaio lagundu. Zer eragin izan dezake egoera horrek?

Egoera normalean, gaixoaren ondoan egon eta lagundu egiten diogu. Hilzorian dagoen pertsona hori oraindik bizirik badago ere, dolua egiten hasteko aukera ematen du laguntze horrek. Norberaren izaeraren araberakoa izaten da dolua eta baita heriotza motaren araberakoa ere. Koronabirusak eragindako heriotzak oso azkarrak izaten ari dira, eta gainera, ezin dugu, gustatuko litzaiguken bezala,  gaixoaren ondoan egon. Horrek zaildu egiten du doluaren hasiera. 

Heriotzaren ondorengo errituak ere aldatu egin ditu koronabirusak. Zer egin dezake egoera hori bizitzen ari denak?

Garbi esan behar da errituak garrantzitsuak direla, asko laguntzen dutela dolua egiten. Gizarteko erritualak ezin ditugu egin beti ezagutu izan ditugun bezala. Egoera honetan, banaka egin daitezke agurrak, edo talde txikietan. 

Norberak bere erritmoari jarraitu behar dio, baina bada egin daitezkeen zenbait erritu. Adibidez, hildakoari eskutitz bat idatz diezaiokegu. Bere heriotzeko momentuan harekin egoteko aukerarik izan ez badugu, ona izan daiteke eskutitz bidez agurtzea. Pertsona batzuek, nahiago izaten dute sentimenduei idaztea: bakardadeari, tristurari... Egoera horietan hitzak ateratzea ez da erraza, eta marraztea lagungarri izan daiteke. Sentitzen duguna nolabait irudikatzea da helburua.

Oroitzapen kaxa sortzea ere erritu egokia da. Hil den pertsonarekin elkartzen gaituzten argazkiak edo gauzak kaxa batean sar ditzakegu. Bakarka, edo familian egin daitezke. 

Oihal edo papertxo ezberdinez osatutako banderola moduko bat ere osa dezakegu, Tibeten jartzen dituztenen antzekoa. Zatitxo bakoitzean pertsona horren inguruko zerbait, edo hari esan nahi dizkiogun hitzak idatz ditzakegu, eta gero etxean jarri.

Beste pertsona batzuek, txoko bat sortzen dute etxean. Gure hildakoengandik gertuago sentitzeko egun ezin dugu hilerrira edo mendira joan, beraz, etxean sor dezakegu hildako pertsona horrekin gogoratzeko txokoa. Txoko lasaia behar du izan, eta familiako guztiek jakin dezatela. Egunean zehar, premia sentitzen dugunean, txoko horretara gerturatu eta bakoitzak bere modura, izan dezala hildakoarekin bat egiteko aukera.  

Hiletak atzeratzeak, zain egoteak, zein eragin izan dezake?

Garrantzitsua da bitartean zerbait egitea, bakarka besterik ez bada ere. Bat-batekotasuna garrantzitsua da egoera hauetan. Zain egotea, noiz izango den jakin gabe gainera, ez da oso gomendagarria. Doluak, teorian, fase ezberdinak ditu eta lehen fasea negazioa da. Ez baduzu erriturik egiten, negazio prozesu hori luzatzeko arriskua dago. Dolua zaildu edo luzatuko digu horrek. Bakoitzaren erritmoa errespetatu behar da, baina ona da heriotza gertatu den momentuan errituren bat egitea.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 559 zenbakian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!