“Hamabost egunez behin egin da elikagai banaketa”

Ainhoa Gil 2020ko mai. 29a, 15:00
Hiru hilabetez behin egiten dira ohiko elikagai banaketak

Hiru hilabetez behin egiten dute elikagai banaketa Zizurkilen, beharrean diren herriko familien artean. Koronabirusaren krisialdiaren eraginez, hamabostean behin egin dituzte urgentziazko banaketak eta geroz eta familia gehiago batu da zerbitzura. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte langilea da Anabel Balerdi, Zizurkilgo Udaleko zinegotzia da Maite Amenabar. Haiek eman dituzte Zizurkilgo Elikagai Bankuaren inguruko azalpenak. 

Noiz jarri zen martxan Zizurkilgo Elikagai Bankua?

Zizurkilen 2013an jarri zen martxan Elikagai Bankua. Krisialdi ekonomikoaren eraginez, geroz eta familia gehiago zegoen hilabetea pasatzeko zailtasunekin eta Gizarte Zerbitzuetara hurbiltzen hasi ziren, janari edo elikagairik banatzen ote genuen galdetzera. Egoera horren aurrean, zerbait egiteko erabakia hartu genuen. Gizarte Zerbitzuetan genituen datuak aintzat hartuta, onuradun izan zitezkeen familiei gutun bana bidali genien zerbitzuaren beharrik ba ote zuten galdetzeko eta ia guztiek baiezkoa erantzun zuten. 2013ko urrian egin genuen programan sartzeko eskaera, eta Elikagai Bankuarekin hitzarmena sinatu genuen. Orduz geroztik, zerbitzuak ez du etenik izan. 

Nola kudeatzen da Elikagai Bankua? 

Elikagaiak jaso ahal izateko, familia bakoitzak eskaera egin behar du urtearen hasieran. Eskatzaile guztien egoera ekonomikoa baloratuta, zerrenda osatzen da. Elikagaiak jaso eta banatzeko urteko egutegia finkatzen dugu, eta onuradunen artean banatzen dugu, jakinaren gainean egon daitezen. Urtean lau banaketa egiten dira, hiru hilean behin. Zizurkilgo etxabe batera gerturatzen dira onuradunak, haientzat prestatutako sortak jasotzera. Gipuzkoako Elikagai Bankuak Oiartzunen duen biltegi nagusitik ekartzen ditugu elikagaiak. Udaleko brigadako langileek egiten dute garraio-lan hori. Ondoren, boluntario taldeak prestatzen ditu sortak eta Gizarte Zerbitzuetako langileak arduratzen dira banaketaz. Horixe izaten da ohiko prozedura. 

Koronabirusaren krisialdiaren ondorioz, ezohiko banaketak egin dituzue. Kontaiguzue...

Krisialdia hasi zenetik, hamabost egunez behin egin zaie banaketa familia batzuei. Horrez gain, alarma egoeraren ondorioz hainbat familiaren egoera ekonomikoak okerrera egin du, eta horrek ekarri du orain arte Gizarte Zerbitzuetara gerturatu ez diren familiek, besteak beste, elikagaiak eskatu izana. Azken asteotan, zazpi familia berri gehitu dira zerbitzura, 25 pertsona gehiago guztira.

Aldi berean Zizurkilgo herritarrei jakinarazi nahi diegu, orain arte bezala, beharrean aurkituko balira, Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatearekin harremanetan jar daitezkeela. 943 693 930 telefono-zenbakira deitu edo aiztondo@aiztondo.eus helbidera mezu bat bidalita eman dezakete euren egoeraren inguruko berri. 

 

Elkarrizketa osorik, maiatzaren 29 eta 30ean harpidedunen artean banatuko duten 562 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!