Herritarrei laguntzeko zerbitzu ezberdinen berri eman du Udalak

Aiurri 2020ko eka. 2a, 16:06

Herritarrei laguntzeko martxan dituen zerbitzuen inguruko informazioa bildu du Udalak triptiko batean. Zizurkildarren artean banatuko dute triptiko hori, eskura dituzten zerbitzuen berri izan dezaten:

"Besteak beste, etxeko itxialdian egoera gogor edo deserosoak bizi behar izan dituzten haur, nerabe, gazte, emakume eta adinekoengana iritsi nahi du, eta, horretarako, triptiko bat prestatu du, Udalaren zerbitzuen berri emateko eta herrian dauden beste baliabideak ezagutarazteko (boluntario taldeak, emakume elkarteak…).

Horrez gain, triptikoa baliatu nahi izan du laguntza beharrean diren herritarrak detektatzeko, sarri isilpean eta ezkutuan geratzen baitira. Horregatik, komunitateari dei egin dio, norbait egoera ahulean ikusiz gero, Udala jakinaren gainean jartzeko.

Triptikoa herri osoan zehar zabalduko da, ekainaren 8tik aurrera. Besteak beste, paperean banatuko da Herriguneko etxeetan, kartelak ipiniko dira Elbarrenako atarietan, herriko komertzioetan triptikoak banatuko dira eta sare sozialetan eta Udalaren web-orrian ere zabalkundea emango zaio. Beharra duten guztiak edo beharrean direnak detektatzen lagun dezaketen guztiak jakinaren gainean egotea da helburua.

Hasieran aipatu dugun bezala, Udalak garrantzia ematen dio hurbiltasunari. Herritarrekiko gertutasun hori lortu nahian eta mota horretako beharrei albotik erantzutea eraginkorragoa dela iritzita, 24 orduz martxan dagoen telefono-zenbaki bat dauka Udalak: 663 779 727. Telefonoz deituta edo Whatsappa bidalita eskatu daiteke laguntza bertan. Konfinamendu garaian hasi da lanean zenbaki hori, eta deskonfinamenduan ere martxan egongo da, beharrean diren herritarren laguntza-eskaerak jasotzeko.

Horrez gain, Zizurkilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuak ere herritarrengana gerturatu nahi ditu. Laguntza beharrean egon daitekeen edonork jo dezake beraiengana 943693039 telefono-zenbakira deituta, astelehenetik ostiralera bitartean. Janari-bankuaren kudeaketaz arduratzen dira, besteak beste, Gizarte Zerbitzuetako lankideak, bai eta beste hainbat motatako beharrei erantzuteaz ere: gizarte-gaietako diru-laguntzak, egoera ahulean diren herritarren arreta… Konfinamendua zaila izan da denontzat, baina bereziki latza izan da batzuentzat. Azken horiek esku-eskura dituzte Zizurkilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuak, izan ditzaketen zailtasunei aurre egiten laguntzeko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!