Datorren urtera arte atzeratu dute Txapela Eguna

Aiurri 2020ko eka. 3a, 18:04

Martxoaren 14an zen egitekoa Txapela Egunaren XXVII. edizioa. Hasieran, behin-behinean atzeratu zen arren, datorren urtera arte ez egitea erabaki du festa batzordeak. Alex Inza zen aurtengo omendua, baina 2021ean jasoko du txapela.

Zizurkilgo festa batzordeak azaldu duenez,  "egoera aztertu ostean, Txapela Egunaren 27. edizioa datorren urtean, eta ahal bada, ohiko datetan egingo dela erabaki du. Alex Inza zen aurtengo omendua eta datorren urtean jasoko du txapela nahiz merezi duen aitortza. Kontuan izan behar da Txapela Eguneko omenduak Amabirjin jaiei hasiera emateko ohorea ere izaten duela. Aurtengo festak ere kolokan daudenez, onena Txapela Eguna ospatzeko datorren urtera arte itxarotea dela erabaki du batzordeak. Festen inguruan datozen asteetan jakinaraziko dute erabakia herriko bi festa batzordeek".

Txartelen itzulera

Aurten, beraz, ez da Txapela Egunik izango. "Afarirako txartela erosia zutenek, erositako leku berean (Iriarten edo Egarrin) dirua bueltan jasotzeko aukera izango dute txartela itzultzearen truke. Festa batzordeak eskerrak eman nahi dizkie bi tabernei laguntzeko erakutsitako borondateagatik".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!