“Langileen beharrak asetzeko proiektuak jarri nahi ditugu martxan”

Aiurri 2020ko uzt. 7a, 08:25

Soraya Barquero eta Aitor Arroyo Kaxilda gaztetxeko kideak

Duela lau hilabete hustu zuten Kaxilda gaztetxea, eta epaiketaren zain daude Tolosako Ezpala gaztetxeko kideak. Soraya Barquero eta Aitor Arroyok eman dute egoeraren berri

Nola eragin du COVID-19aren krisiak Kaxilda eta Ezpala gaztetxeen martxan? 

Aitor Arroyo: Aurrera begirako pauso guztiak bertan behera geratzea eragin zuen egungo testuinguruak. Antolatu, bildu edota kalea zapaltzeko debekuak jarduna oso modu isolatuan ematera behartu gaitu. Isolamenduaz gain, kontrol soziala ere areagotu egin da. Horrela, ezinezkoa izan zaigu espazioen gaineko defentsa aurrera eramatea. 

Soraya Barquero: Desjabetuok gure espazioetatik bota edota kale gorrian mantendu nahi gaituztenei oso ondo etorri zaie salbuespen egoera. Hala ere, gure borroka aurrera eramateko geroz eta arrazoi gehiago ditugu, eta horrek indartu eta batu egiten du desjabetuon arteko antolakuntza. Argi dugu salbuespenak salbuespen, gure asmoekin tinko jarraituko dugula. 

Zein da Kaxilda eta Ezpala gaztetxeen funtzionamendua? 

A.A: Ezpala gaztetxea martxan jarri da berrogeialdiaren ostean eta ekainean izan behar zen epaiketa bertan behera geratu ondoren, data berriaren zain gaude. 

S.B: Bestetik, Kaxildaren desalojoaren ostean, Aiztondoko Gazte Asanblada kale gorrian aurkitzen da. Bere jarduna aurrera eramateko gaztetxea lortzeko bidean, eskaera egin diogu Udalari. 

Zergatik da beharrezkoa gaztetxe bat Aiztondo bailaran? 

S.B: Gaztetxea ez da azken helburua, langileon kontrolpeko espazioak tresna edo bitarteko bezala ulertzen ditugu, hauek beharrezkoak baitira gazte langileok antolatu eta proiektu ezberdinak aurrera eraman ahal izateko. Langileen behar politiko eta materialak asetzeko hainbat proiektu jarri nahi dugu martxan eta horretarako beharrezkoa dugu espazioa. 

Zer da Tolosaldeko Gazte Frontea? 

A.A: Gazte langileon arazoei erantzuteko hainbat eragile eta asanbladez osatutako antolaketa-egitura da, gizarte kapitalistak gazte langileoi sortzen dizkigun miseria zein zapalkuntzak identifikatu, borrokatu eta desagerrarazteko. 

Ekainaren 26an atera zen Tolosaldeko Gazte Frontearen erreportajea. Horren helburua, eskualdeko asanbladen egoera eta Ezpala eta Kaxilda espazioen beharra ikusaraztea da. Ikusgai dago Tolosaldeko Gazte Frontearen Youtubeko kanalean. 

Elkarrizketa osorik: 564 Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!