Eliza, antzoki bihurtuta

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 21a, 12:06

Hodei Arrastoa aktore eta dantzari zizurkildarrak zuzendutako 'Ikusi arte' ikuskizuna eskaini zuten atzo iluntzean Zizurkilgo hainbat artistek, herriko eliza antzoki bilakatuta. 

Maria Altuna artista plastikoak zuzenean margotu zuen koadroa, Unai Merndizabal bertsolaria bertsotan aritu zen, Janire San Sebastian antzezleak bakarrizketa eskaini zuen, Zigor DZk jarri zion doinua ikuskizunari, eta Hodei Arrastoa dantzari eta aktoreak esatari lanak ez ezik, dantzariarenak ere bete zituen, beste lau dantzarirekin batera.

Ikuskizun ezberdina eskaini zuten artista gazteek elkarlanean. Eliza bete zuten 70 ikusleak hausnarketa egitera bultzatu zituzten, "pentsa dezagun ozen, herri eta gizarte hau kulturarik gabe zer ote litzatekeen". Kritika zorrotza egin zuten kulturari berrogeialdian eman zaion garrantzia berriz ere atzean geratu delako, "berrogeialdian lehen mailan zegoen kultura, orain berriz ere azkena". Kultur arloan lanean ari diren artistez gain, edozein ikuskizun taularatzeko egin behar den bidea, beharrezkoa den azpiegitura eta lantalde sendoa ere zerrendatu zituzten. Egiten duten ahalegina sekulakoa dela nabarmendu zuten, trukean jasotzen duten soldata eskasaren parean. Sektore prekario hori indartzeko deia, alegia. Beharrezkoa delako. Kultura nortasunaz gain, bizitza bera baita, barrua nahiz ingurua elikatzen duen pizgarria.

Diziplina ezberdinak nahasian: dantza, antzerkia, musika, bertsoa, artea. Bertaratuen artean barrura iritsi zen zabaldutako mezua. Amaierako txalo zaparradak agerian utzi zuen artisten lanarekiko esker ona.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!