"Hogei kilometroak uste baino motzago egiten dira"

Olatz Lasa 2020ko aza. 8a, 11:00

Irati Usandizaga Behobia-Donostia lasterketako korrikalaria da. Jolas modura hasi zena, gustuko esperientzian bihurtu da. Eta egun, astean behin lagunekin korrika egitera joaten da.

Bi urtetan hartu duzu parte Behobia-Donostia lasterketan. Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso polita. Beti pentsatu izan nuen polita izango zela. Tontokeria modura hasi zen guztia, eta geroztik bi aldiz hartu dut parte. Aurreneko urtetik bigarrenera denbora hobetu nuen, eta gustura nago.

Probatzeko irrikagatik hartu zenuen parte orduan.

Apustu baten ondorioz hasi ginen. Lilatoian parte hartzeko neska kuadrilla bat elkartzen hasi ginen, eta gerora Lilatoiko bazkari batean animatu gintuzten minbiziaren aurkako zazpi kilometroko krosean parte hartzera. Zazpi kilometroko lasterketatik hogeikora tarte handia dago. Bazkari horretan bertan eman genuen izena. Irailean oraindik korrika 10 kilometro ere ez genituen egiten, eta Behobian irten ginen. Oso gustura aritu ginen, egia esan.

Zein da Behobia lasterketak duen berezitasuna?

Nire esperientziatik abiatuta, ikuslegoa. Beste probatan, nahiz eta laburragoak izan, helmugan bakarrik egoten da jendea; ibilbidean zehar ez da ia inor egoten. Behobiatik Donostiaraino, aldiz, ibilbide osoan zehar dago jendea. Indarra ematen du, bai ikuslegoak eta baita gainerako korrikalariek ere.

Zein aholku emango zenieke parte hartu nahi dutenei?

Bost kilometroko kros batetik eman nuen izena Behobian, eta uste baino askoz ere errazago egin nuen. Bakoitzak bere erritmoa mantenduz, inora joateko presik gabe, 20 kilometroak uste baino motzagoak egiten dira.

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 570. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!