Auzolana sustatuko dute Ombuaren itzala filma egiteko

Aiurri 2021ko mar. 12a, 15:49

Pello Mari Otaño bertsolari handiaren inguruko filma egiteko proiektua lantzen ari da Eguzki Art ekoiztetxea. Otañoren bizitza eta lana bilduko dituen filma sortzea da helburua eta auzolana izango du oinarrietako bat. Datorren astean zehar eskualdean izango dira ekoizpenaren arduradunak, auzolan ekimenaren berri emateko.

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizimodua, egokitu zitzaion gaira historiko edota haren lana bildu nahi dituzte 'Ombuaren itzala' filman. Patxi Bisquert da ekimenaren bultzatzaile nagusia eta inguruan ditu Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultur Taldeko kideak ere.

Bisquertek sortutako Eguzki Art ekoiztetxea dago ekimenaren atzean. Prentsa oharrean azaldu duenez, "EGUZKI ART ZINEMAk urteak daramatza “Ombuaren Itzala” filma gauzatzeko ahaleginetan. Hainbat oztopo eta zailtasunen artean, aurrera doa proiektua, Pello Mari Otañok (bizitza eta obra), ahanzturatik aldenduz,  geure memoria kolektiboan txertaturik iraun dezan".

Herrigintzan oinarritu dute filmaren ekimena eta auzolanean lortu nahi dute filma egiteko beharrezkoa den dirua: "Herrigintzan sortzen eta loratzen baitira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe. Horrek eraman gaitu fila Euskal Herritik Argentinaraino zabaldu nahi dugun auzolanean kokatzera".

Auzolanaren ekimena aurkeztu eta babesa biltzen hasteko gogoz, aurkezpen ekitaldi ezberdinak egingo dituzte datorren astean zehar:

  • Andoainen:  martxoaren 15a, astelehena, 18:00etan, Bastero Aretoan.
  • Amasa-Villabonan: martxoaren 16a, asteartea, 18:00etan, Gurea Aretoan.
  • Zizurkilen: martxoaren 17a, asteazkena, 18:00etan, Iriarte etxean.
  • Tolosan: martxoaren 17a, asteazkena, 20:00etan, Kultur etxean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!