“Planteatzen duguna ez da diru bilketa hutsa, herrigintza da”

Garbiñe Ubeda 2021ko api. 11a, 08:39
Patxi Bisquert eskualdean barrena ibili da, filmaren xehetasunak eskaintzen.

Patxi Bisquert aktore ezaguna egitasmoa aurkezten aritu da eskualdean. Pello Mari Otaño zenaren biopica baino gehiago, figuraren beraren aldarria da. Ustez eta pasioz ari da Patxi Bisquert, proiektuak behar dituen bidelagunen bila. Erronka jo du: baietz 30.000 ikusle lortu.

Zergatik nahi du Patxi Bisquertek Pedro Mari Otañoren memoria berreskuratu?

Beti izan dut gogoan, eta ez soilik zizurkildarra naizelako. Izan ere istripuz bainaiz zizurkildar, han bost urte besterik ez nituen eman. Gero Jaizubian bizi izan nintzen, osabekin. Oso bertsozaleak ziren. Ez ziren plazagizonak, baina ospakizunetan bertsotan aritzen ziren beti, eta giroa berotzeko, Otañoren koplekin hasten ziren. Oso kopla ezagunak ziren, denok aritzen ginen kantari. Faltan dut hura. Beti izan dut Otañoz gehiago jakiteko egarria. Tipo berezia iruditzen zitzaidan, Amurizak dioen bezala, bertsogintzan bakana. Garai hartan, Bilintx eta besteren bat izan ezik, karlismoaren inguruan zebiltzan denak. Otaño ez. Otaño, gainera, orduko bertsolariak ez bezala, eskolatua zen. Bitxia zen beraz, eta atsegin ditut halakoak. Hernandorena Kultur Elkarteak Pello Mari Otañoren arnasa liburu ederra argitaratu zuenean, garbi ikusi nuen filma egin behar zela.

Badira urte batzuk asmoaren berri eman zenuela. Zergatik horren luze?

Lehen bilera Astigarragan egin genuen, 2011ko udan-edo, Koldo Izagirrerekin. Gidoi polit bat idatzi zuen, dokumental dramatizatu baterako hain zuzen, hori baitzen lehen asmoa, baina motz gelditu zitzaigun, eta ez genuen dokumentazio handirik aurkitu. Gipuzkoako Foru Aldundian eta Euskal Telebistan berehala eskaini ziguten laguntza, eta interesa bazegoela ikusirik, pare bat buelta eman eta proiektu handiagoa lantzea erabaki genuen. Fikziozko film batera jo genuen, baina gidoi aldaketarekin telebistak emandako urtebeteko epea pasa egin genuen. Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzetara ere aurkeztu ginen, baina hor ere pasa egin zitzaigun epea. Handik bi urtera edo, beste ekoiztetxe bat bilatu eta Telebistara joan ginen berriro, baina zuzendaritza aldatuta zegoen ordurako. Zuzendari berriak atea itxi zigun, oso arrazoi eskasak emanda. 

Haserre atera nintzen telebistatik. Etxera itzultzean, beste bide batzuk jorratu beharko zirela erabaki nuen. Ikastolen Federazioan eman nuen hurrengo pausoa. Itun bat sinatu genuen. Horri esker, 60.000tik gora ikaslek ikusiko dute filma, eskola orduetan. Gainera, material pedagogiko gisa erabiliko dute.

Zein da justuki planteamendua?

Pelikula doan emango diegu, noiznahi eta nahi adina aldiz ikusteko. Ordainetan, ume bakoitzeko sarrera bana erostea eskatzen diegu gurasoei, aurrez. Hamar euroan bakoitza.

Ikastoletan bakarrik?

Gero eskola publikoetara jo nuen, baita kultur etxe nahiz liburutegietara ere, udalen bidez. Horrela joan gara saretzen eta salmenta puntuak zehazten.

Zenbat sarrera nahi dituzue saldu?

30.000ra heldu nahi dugu. Gutxi gorabehera populazioaren %1a da hori, eta arrazonamendu hori darabilkigu, baina zintzoki esan behar bada, erronka baten ondorio da: ea Oreinak filmak baino jende gehiago bildu. Apustua irabaziko dudalakoan nago. Oreinak 40 tokitan ikusi da eta 30.000 ikusletik behera bildu du. Auzolanari esker, Otañorekin 150 tokitara iritsiko gara eta gainera beste aukera batzuk eskainiko dizkiogu jendeari. Zine aretoez haragoko bideak zabaldu behar dira, jada gutxi gelditzen baitira. Euskal filmak herrietara eraman behar dira, herrixketaraino iritsi behar dugu.

Bestalde, ekoizpen fasean jendeak ez du jakiten zertan ari zaren. Proiektu honekin dagoeneko 30 herritan izan gara eta herri horietako hedabideek mezua zabaldu dute. Zinema aretoek ematen ez duten aukera hori ere ematen du auzolanak. Lan handiagoa egin behar da eta ez da beharbada horren erraza, baina onura horiek denak ere badakartza. Jende gehiago batzen da, epe luzeagoan. Hemen lortuko dena crowdfundingarena baino zabalagoa da.

Mugimendu bat sortu nahi duzue.

Ikasgeletarako idazki berezi bat egin dugu eta hor argi ikusten da gure filosofia. Goierrira edo Beterrira heltzea baino gehiago interesatzen zait Errioxara, Zangozara, Enkarterrietara, Erronkarira edo Bianara iristea. Euskal zinema ez da bazterretara joaten, gure pelikulak ikusteko mugitu egin behar izaten dute, eta guk haiengana jo nahi dugu. Haiek euskal kulturaren egarria dute beti, baina inor ez zaie azaltzen, hauteskunde kanpainetan ez bada. Gureak beste pentsamolde bat dakar, eta zinema egiteko beste modu bat. Bidea berrasmatu behar da, bestela oso mugatuta geldituko da euskal zinema, betiko lekuetan eta betiko diru-iturrien menpe. Guk planteatzen duguna herrigintza da.

Asko aldatu al da hasierako gidoia?

Dokumental dramatizatua oso motz gelditzen zen, 45 minutura heltzen ginen eta nik bikoitza nahi nuen. Baina Koldo Izagirrek, lehen gidoia oinarri hartu beharrean, goitik behera aldatu zuen, berria sortu zuen. Guztira lau bertsio egin zituen, ikuspegi ezberdinetatik. Nik horien adaptazio bat egin dut. Kronologia mantendu dugu, pertsonaiaren eboluzioa agerikoa izan dadin, sekulakoa izan baitzuen bilakaera. Liberal foruzalea izan zena errepublikazale internazionalista bihurtu zen.

Otañoren ibilbidea bere bertsoen laguntzaz azalduko da, baina denak ez dira kantatuko, batzuk errezitatu egingo dira, eta kantatuko diren bertsoen artean ere denak ez ditu Otañok botako. Eztarri arazoak izaten zituen. Kattarro deitzen zioten, asmatikoa zen gainera, eta ezin izaten zuen ondo kantatu. Besteak beste horregatik idatzi zituen horrenbeste bertso-paper. Ez dakit horrek bat-bateko bertsolaritzari mesede egin ote zion, baina ondoren bertsolaritzari bai.

Bere bizitzako azken hogei urteak kontatuko dituzue.

Otaño hiru aldiz joan zen Argentinara. Bigarren bidaiatik gaixorik itzuli zen Zizurkila, 33 urte zituela, 1890ean. Puntu horretan hasiko da filma, Argentinan, bigarren bidaia horren atarian. Emakumezko baten beharra sentitzen zuen, berehala ezagutu zuen Madalen, emaztea izango zena. Hiru seme-alaba izan zituzten. Azken bidaia 1998an egin zuen eta 1910ean hil zen. 

Hogei urte inguruko tarte hori oso garrantzitsua izan zen, ideia berriak sortu baitziren, esate baterako Sabino Arana Goiri, Eli Gallastegi eta enparauak, eta sozialismoa ere urte haietan indartu zen Euskal Herrian. Hor markatu zen inflexioa. 

Berpizkunde garaia hura 50eko eta 60ko hamarkadetako berpizkundearekin alderatu daiteke. Kooperatibak, ikastolak, literatura berria, Oteiza, Ez dok Amairu, uzta hori guztia belaunaldi berri bati esker lortu zen. Gaur egungo egoerak ere badu hartatik, beste 60 urte joan dira eta ikusi besterik ez dago nola dauden gazteak: Otañoren garaian Ameriketara joatera behartuta zeuden, gaurkoek %40ko langabezia-tasa dute. Orduan bezala gaur ere ideia berriak behar dira, lehengoekin ez baitago aurrera egiterik. Hausnarketa beharrean gara eta filmak horretan lagun dezake.

Errodatzen hasiak zarete?

Oraindik ez. Bi castingegingo ditugu, bat Zizurkilen eta bestea Lekunberrin, seguruenik. Pertsonaia esanguratsuenak aukeratuta ditugu, baina badira beste asko esaldi motz bat besterik ez daukatenak, eta figuranteak ere beharko dira. Horretarako izango dira castingak. Uztailean Argentinara joatea genuke asmoa, hango neguan noski, eta kanpoko sekuentziak filmatzen hasi. Diru askirik ez badago, hemen amaituko genituzke, dekoratuan.

Estrak ere finkatu beharko dira. Adibidez hemen, Karidadeko Bentakoan, aktoreez gain beste 20 lagun beharko ditugu. Profil horiek denak asteburu batean aterako ditugu Zizurkilgo deialdian.

Pelikulan agertuko diren guztiei ordaintzea dugu helburu. Aktore bakoitzaren cachea ezingo dugu ordaindu, baina konbenioak markatzen duena ziurtatu nahi genuke. Estrentzat dirurik ez bada, auzolanean egin beharko da, 200 edo 300 beharko baititugu hemen eta Argentinan. Bakoitzari 30na emateko, 9000 bildu behar dira.

Zenbat diru beharko duzuen kalkulatu al duzue?

750.000 euro estimatu ditugu. Pelikula baterako gutxi da, bereziki beste aro bat girotu behar bada. Amama milioia edo milioia eta berrehunen bueltan ibili zen, Aupa Etxebeste ere hortxe. Handia filmean lau milioi inbertitu zituzten. 

Beste modu batera lan egitera eramango gaitu horrek. Adibidez, Javier Bilbao nirekin nahi dut, ezin diot bere cachea ordaindu eta gainera oso lanpetuta dabil, baina esan zidan lagunduko zidala. Argentinara ez da gurekin etorriko, baina ziurrenik bere konfiantzazko kamera bat jarriko digu hangoa grabatzeko. Hemengoa, berriz, asteburuetan grabatuko dugu, haien egun libreetan. Argentinan 18 eguneko lana dugu eta hemen 12 sesio kalkulatu ditugu, alegia sei asteburu.

Aktore zaren neurrian, zer ekarpen egingo dizu Pello Mari Otañorena egiteak?

Hasteko eta behin, ohorea izango da. Batetik, noski, zizurkildarra naizelako, baina gainera, Otaño oso maitea dudalako. Altxor handi bat da niretzat. Gaizki ateratzen baldin bazait edo emaitza gustatzen ez bazait zer egingo dudan? Beldurtu egiten nau horrek, baina tira, oso barneratua dut pertsonaia, eta ez dut uste halako arriskua izango denik.

Pello Mari Otaño da pertsonaia nagusia, zein da bigarrena? 

Madalen, Otañoren emaztea. Eta hirugarren garrantzitsuena Teresa da, alaba. Gainerakoak egun bateko edo biko aktoreak dira, La Vasconiako lehendakaria, Iraola inprimatzailea, Txirrita… Halakoak asko dira, 50etik gora. Izan ere, pertsonaiak asko dira, baina gehienak ez dira istorioan gelditzen, pasa egiten dira.

Aktore horiek aukeratuta daude?

Buruan ditugu askorenak. Iraolaren rolean Paco Sagarzazu nahi genuke, baina ez dakigu ongi moldatuko ote den euskaraz. Pertsonaia horrek pisu handia du, haren bidez hasi zen Otaño bertso-paperak egiten. Karidadeko Bentako nagusiarena Getari Etxegaraik egingo du ziurrenik.

Zergatik ombua?

Argentinako ombuak, oso handitzen den zuhaixka horrek, Zizurkilgo Errekaldera, bere baserrira, eramaten zuen Otaño. Atarian zeukaten intxaurrondoa gogorarazten zion. Haren itzalpean eseri eta bertsotan aritzen zirenekoa da onbua, emigrantearen nostalgia. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!