Laumugarrietako mugarria bistaratu dute

Ainhoa Gil 2021ko api. 22a, 19:36

Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kutlru taldea lanketa berezia egiten ari da herriko mugarrien inguruan. Bide horretan, Aranzadi Zientzia elkarteko Joseba Alonso eta Jabi Castroren lankidetza ere izan dute. Atzoko ekitaldian, Laumugarrietako mugarria bistaratu zuten

Ekitaldi berezia izan zen atzokoa. 1871an jarritako mugarri zahara lur azpitik atera, eta bistan jarri zuten berriz ere, balioan jartzeko. Zalberro izeneko parajean dago Laumugarrieta eta Amasa-Villabona, Anoeta, Asteasu eta Zizurkil arteko muga markatzen du. Errepide ertzean dago mugarria eta urteen poderioz, ia erabat estalita zegoen, Teodoro Hernandorena taldeko kideek aurkitu eta azaleratu zuten arte.

1683an jarri zuten lehen mugarria Zalberro inguruan. Hernandorena taldeko kide den Joxin Azkuek azaldu zuenez, “1615. urtean, Zizurkil eta Anoetak Tolosarengatik banandu eta hiribildu titulua eskuratu zuten. Amasak ere urte horretan eskuratu zuen independentzia eta lau urte beranduago, 1619an bat egin zuen Villabonarekin. Asteasu, berriz, lehenago Tolosarengandik bereizita egon arren, 1639ra arte ez zuen erabateko burujabetzarik lortu”. 1683an, lau udalerrietako alkateak elkartu, eta Laumugarrietako mugarria jartzeko erabakia hartu zuten.

1871an, lehen mugarri hura hautsita zegoela eta, mugarri berria jartzeko erabakia hartu zuten lau herriek eta horixe da bistaratu dutena. “Harria ateratzeko lanak egiten ari ginela, ordea, 1683ko mugarri zahar haren puskak izan daitezkeenak azaldu zaizkigu, baita teila pusketa batzuk ere”. Jabetzaren ikurra zen garai hartan teila, eta herri bakoitzeko ordezkariak teila puska bat jarri ohi zuen bere herriari zegokion aldean.

Harri handia da Laumugarrietakoa, kana bateko garaiera duena (85 zm). Gaikaldean, herri bakoitzaren inizialak irakur daitezke eta nabarmenak dira mugak nondik nora doazen adierazten duten marrak ere. Harri ikusgarria da eta elkarlanean, berriz ere zegokion tokian jarri dute.

Ekitaldi polita izan zen atzokoa. Zizurkilgo baserri bateko teila zaharra puskatu, eta alkate bakoitzak puska bana jarri zuen, bere herriko mugan. 1683Ko mugarria izan daitekeenaren pusketak ere inguruan jarri zituzten, “etorkizunean norbaitek aztertu edo ikertu nahiko balitu, bere jatorrizko lekuan aurkituko ditu, Laumugarrietan”, azaldu du Joxin Azkuek. Margo gorriz, alkate bakoitzak bere herriari dagokion hizkia margotu zuen eta ekitaldiari amaiera emateko, taldeko argazkia atera zuten.

150 urteko harria bista da berriz ere. Laumugarrietako harria ezezik, mugarri guztiak balioan jartzen ari dira Teodoro Hernandorena taldeko kideak eta maiatzean zehar, haiek ezagutzeko ekitaldi ezberdinak antolatuko dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!