Aiztondoko Mugimendu Feministak deituta eraso matxistaren aurkako elkarretaratzea egin da Zizurkilen

Aiurri 2021ko api. 26a, 21:34

Pertsona ugari gerturatu dira Zizurkilgo plazara pasa den astean jazotako eraso matxista salatzeko. Bertaratutakoek irmo eta sendo adierazi dute horrelako erasoak ez dituztela onartuko eta babes osoa helarazi diote erasotutako emakumeari.

 

Aiztondoko Mugimendu Feministak honako ohar hau irakurri du Zizurkilgo plazan: 

Aiztondoko feministok apirilaren 18an gertatutako eraso matxista irmo eta ozen salatu nahi dugu. Gaurkoan gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diogu erasotua izan den emakumeari*.

Haserre gaude. Erasoa da gure hitza zalantzan jartzea, erasoa da botere harremanak zalantzan jartzea, parranda espazioak maskulinizatzea, erasoa da konplize izatea, esajeratu egiten dugula behin eta berriz errepikatzea. Argi gera dadila: BAIEZKORIK GABE, ERASO BAT DA.

Eraso hauen aurrean jarrera matxistak justifikatzen ari dira, justifikatzen ari zarete. Eta aldi berean, horren aurrean altxatzen garen emakumeak* gutxiesten.

Baina emakumeok* ez gaude bakarrik, saretuta gaude. Ikasia dugu zauriez osatzeko elkarren arteko goxotasuna baina sendagai hoberik ez dagoela. Geroz eta gehiago gara, eta geroz eta indartsuagoak. Bakarrik ezin diogu zapaltzen gaituen sistema arrotz honi aurre egin, baina gure arteko aliantzak estutzen ditugunean dantzatuko dugu haren gainean, erasotzaile guztien gainean.

Saretuta bagaude, ez dago gu gelditzerik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!