Badator Maiatza Saltsan

Ainhoa Gil 2021ko api. 29a, 15:44

Gaur aurkeztu dute Zizurkilgo Maiatza Saltsan ekimena. Mugarriak izango dira aurtengo edizioaren ardatz nagusia eta igandean bertan ospatuko da egitarauko lehen ekitaldia; Usurbil aldeko mugarriak ezagutzeko irteera.

 

Udaberria aurrera doa eta asteburu honetan orri bat gehiago kenduko diogu egutegiari. Maiatzean sartzearekin batera, giro berezia sortzen da Zizurkilen. Maiatza Saltsan ekimena martxan jarriko da igande honetan bertan eta hainbat ekitaldi hartuko ditu hilabete osoan zehar.

Mugarriak. Horixe izango da aurtengo Maiatza Saltsan ekimenaren gai nagusia. Iaz, pandemia egoerak bertan behera gerarazi zuen Maiatza Saltsan eta aurten, iazko gai nagusiari eustea erabaki dute. Teodoro Hernandorena Kultur taldeak gaiaren inguruko lanketa berezia egin du azken urte eta erdian eta Iker Urruzola alkateak bereziki eskertu nahi izan die egindako ahalegina: “Udal gisa eskerrak eman eta gure miresmena azaldu nahi diegu. Iaz mugarrien inguruko ikerketan aurrerapauso handia eman zuen eta urte osoa daramate lan horretan. Eskerrik asko udalaren aldetik”. Aurtengo egoera ere ez da erraza, baina hainbat ekitaldi antolatu da hilabete osoan zehar.

Zizurkilgo udaletxeko artxibategian zegoen pergamino batek abiarazi zuen mugarrien inguruko ikerketa. Joseba Alonso, Aranzadiko kidea, berehala konturatu zen Orreagako kolegiatarekin zerikusia zuela pergamino hark. Izan ere, gaur egun Zizurkil eta Usurbilek muga egiten duten Andatza mendia, Orreagako kolegiataren jabegoa izan baitzen. Horren lekuko, kolegiataran ikurra daramaten hainbat mugarri. Teodoro Hernandorena elkarteko kideek, eta Aranzadiko Javi Castro eta Joseba Alonsok, herriko mugarri guztien azterketa eta errapaso egitea erabaki zuten. “Oso gauza politak ikusi ditugu, paraje zoragarriak… eta merezi duen zerbait da. Ekimeneko izarra, Usurbilgo mugarekin ditugun zenbait mugarri dira. Andatzak, geologikoki errotarriak egiteko oso onak diren harriak ditu Usurbil aldetik. Orreagak hartu zituen lur horiek eta laster hasi ziren liskarrak Zizurkilekin. 1389Ko dokumentu batean bildu zuten non jarri behar ziren Orreaga eta Zizurkilen arteko mugarriak. Dokumentu hori da, hain zuzen, artxibategian azaldutako pergaminoa”.

Igandean, irteera

Igande honetarako, maiatzak 2, irteera berezia antolatu dute Usurbil eta Zizurkil arteko mugarriak ikusteko, tartean, Orreagako ikurra daraman mugarri zaharra. “Zizurkil-Usurbil eta Aia arteko mugarrian hasi, eta Orreagako mugarrian amaituko dugu igandeko goizpasa. Oso ibilbide politan barrena ibiliko gara”.

Bigarren ibilaldi bat ere antolatu dute Hernandorena elkarteko kideek: “Maiatzaren 15ean, larunbatarekin, Zizurkilgo hegoaldean ibiliko gara, Villabonarekin ditugun mugarriak ikusiz. Ibai-ertzean hasi, eta Laumugarrietan amaituko dugu ibilbidea. Adin guztietako herritarrentzako aproposa izango da bigarren irteera hau”, azaldu du Joxin Azkuek.

Herria ezagutzen jarraituz, maiatzaren 23an ibilaldi antzeztu-gidatua egingo dute. Iker Urruzolak azaldu duenez, “Joxe Arregi plazatik abiatu, eta herrigunera iritsiko gara. Eragile ezberdinek hartuko dute parte eta herria hobeto ezagutzen lagunduko digu. Gure gonbidapena luzatzen diegu herritar guztiei, gerturatu daitezela ekitaldira”.

Ekitaldi sorta

Mugarriak dira ekimeneko ardatz, baina beste hainbat ekitaldi ere izango da. Maite Amenabar kultura zinegotziak eman ditu azalpenak: “Mugarriak izango dira gai nagusia, baina ez bakarra. Besteak beste, guretzat mugarri izan diren emakume iraultzaileen bizitzak ezagutzeko aukera izango dugu. Maiatzaren 8an ‘Kasilda, itzaltzen ez den sua’ antzezlana izango da ikusgai Intxaur pilotalekuan. Kasilda Hernaez Vargas Zizurkilgo Fraisoron jaso zen 1914an eta emankume iraultzailea izan zen bizitzako alor askotan. Gerra zibilean eta bizitza osoa zehar, ideia libertarioen eta bizitza natural baten alde lanean aritu zen. Beste alde batetik, maiatzaren 29an, abortu delitua leporatuta espetxeratutako El Salvadorko lau emakumeren testigantzak jasoko ditugu ‘Emakumeak’ izeneko dantza emanaldi eta dokumentalean”.

Amenabarrek azaldu duenez, kirolak ere tartea izango du Maiatza Saltsan ekimenean. “Maiatzaren 22an Inpernu pala txapelketako kanporaketak jokatuko dira, eta ekainaren 6an finala. Horrez gain, Danena txirrindularitza elkarteak bizikleta tailerrak eskainiko ditu hileko ostiral guztietan eta Danena futbol taldeak ate irekiak antolatuko ditu 2010-2013 urteen artean jaiotako gazteei zuzenduta. Amaitzeko, eta urteroko ohiturari jarraituz, maiatzaren 16an Zizurkilgo Biatloia ospatuko da herrigunean”.

Maiatzaren 29an, Tolosaldeko bertso eskolen eguna ospatuko da Zizurkilen eta, Plazida Otaño liburutegian ere izango da zertaz gozatu: “Bi literatur tertulia egingo dituzte maiatzean zehar; euskaraz bat, gazteleraz bestea. “Algara Mutilatuak”, Ane Labakaren liburua izango dute hizpide maiatzaren 6an, Oihana Iguaranen gidaritzapean. Gaztelerazkoan, “La fórmula preferida del profesor” liburuaz arituko dira Mónica Leivarekin. Maiatzaren 12an, berriz, Kontalari2 taldeko kideek ipuin kontaketa eskainiko dute”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!