XXI. Biatloia egin dute, gaur goizean

Ainhoa Gil 2021ko mai. 16a, 15:53

Goizeko eguraldi kaskarrak ez ditu zizurkildarrak kikildu, eta haur eta gaztetxoentzeko biatloia ospatu dute. Giro ederrean joan da goiza.

Goizeko 11:00etan eman diote hasiera Biatloiari. Txikienak izan dira lehenak irteera puntuan. HH eta LH 1 eta 2 mailako haurrek, plazatik udaletxerainoko bidea egin dute korrika eta, plazara itzulita, bizikletak hartu, eta ibilbide bera egin dute bi gurpilen gainean. Gogotsu egin dute saioa txikiek, txalo artean.

LH 3 eta 4 mailako gazteen txanda izan da jarraian. Herrigunean barrena itzuli bat korrika egin ondoren, bizikletak hartu, eta Agerre baserri inguruko itzulia egin dute, bi aldiz. LH 5 eta 6 mailako kirolari gazteek  berriz, Menditarte baserriraino joan behar izan dute korrika, bi itzuli eginez, eta Agerreko itzulia ere bi aldiz egin dute bizikleta gainean. Amaieran, pintxo goxoa eta oparitxoa jaso dute parte-hartzaile guztiek.

Bolondres talde oparo batek ahalbidetu kirol-proba: bidegurutzeak zaintzen, pintxoak banatzen, kirolarien jarduna zaintzen...etab.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!