Ikerketa arkeologikoa egiten ari dira Urkamendin

Ainhoa Gil 2021ko eka. 1a, 15:56

Karlistek erabilitako gotorleku bat egon zen Urkamendi mendiaren tontorrean. Garai hartako arrastoak aurkitzeko ikerketa arkeologikoa abiarazi du Burdina taldeak, Aranzadi Zientzia elkarteko Alfreo Morazarekin elkarlanean. Auzolandegietan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek datozen bi larunbatetan.

1873ko abuztuan ezarri zuten karlisten gotorlekua Urkamendiko tontorrean eta 1874ko otsaila arte mantendu zuten bertan.

Burdina taldeko kideak indusketa lanetan ari dira egunotan. Aranzadi Zientzia elkarteko Alfredo Moraza ere taldean hartuta, Urkamendiko tontorrean dabiltza, ikerketa lanak egiten. Alfredok aipatu duenez, “Tolosa liberalen eskuetan zegoen. Karlistek bereganatu egin nahi zuten, eta errenditu arazi nahian, setiatu egin zuten. Jakiak, armak… Tolosan behar zuten guztia kanpotik ekarri beharra zeukaten. Andoainen barrena etortzen ziren Tolosara gauzak eramatera eta horregatik, inguru osoan hainbat gotorleku jarri zituzten bidea mozteko. Gotorleku horietako bat Urkamendin jarri zuten”.

Oraindik ere argi ikusten dira tontorraren inguruan eraikitako lubakiak eta egunotan, indusketa lanetan ari dira. Alfredok azaldu duenez, “gure ustez gotorleku hori oinarrizkoa zen. Talde txiki bat egongo zen bertan, eta beharra zegoenean, jende gehiago gerturatuko zen inguruko baserrietatik. Asteasun bertan zegoen kuartel nagusia, Lizarragarena”.

Material ezberdina aurkitu dute dagoeneko: balazorroak, balaren bat, txanpona, iltzeak, perra… garai hartakoa guztia. “Gisa horretako materiala azaltzea espero dugu. Liberalak Tolosa aldera joaten saiatzen ziren aldiro borroka egongo zen inguru honetan, eta horregatik ari dira azaltzen balak eta balazorroak. Momentu horretan eskura zeukaten edozein armarekin egiten zuten tiro. Eskopetekin, lapurtutako armekin… tiro egiteko balio zuen edozerekin”, azaldu du Alfredok. 1874an, Karlistek Tolosa hartu zutenean, Urkamendiko gotorlekua bertan behera utzi zuten, baina bertan geratu zen hainbat eta hainbat arrasto.

Burdina taldeko kideak gerturatu ziren Udalera Urkamendiko gotorlekuaren inguruko berri eman eta indusketa egiteko proposamena luzatuz. Iker Urruzola alkateak azaldu duenez, “oso garrantzitsua iruditzen zaigu gure iragana ezagutzea, nor garen ulertzeko. Gure herriaren historiaren zati bat dago hemen Urkamendin eta ikerketa arkeologiko honek hobeto ezagutzeko aukera emango digu. Zizurkilgo Udalaren ardatzetako bat, bestalde, herrigintza da eta Burdina taldeak ezinhobeto ordezkatzen du hori. Bolondresez osatutako taldea da Burdina, gure ondarea berreskuratu eta azaleratzen lan handia egiten ari dena”.

Datozen bi larunbatetan auzolandegiak egingo dituzte Urkamendin. Indusketa arkeologiko batean parte hartuz, Zizurkilgo historia hobeto ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Alfredo Morazak azpimarratu duenez, “materiala aurkitzen joatea, bertan gertatutako irudikatzen joatea, historia hobeto ezagutzea… goiz ezberdina pasatzeko aukera eskaini nahi diogu jendeari. Oso aberasgarria eta polita izaten da gisa honetako ikerketa arkeologikotan aritzea”. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da aurrez Zizurkilgo Udal bulegoetan izena ematea. 943 69 10 12 (4 luzapena).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!