1389ko pergaminoaren aurkezpen ekitaldia

Ainhoa Gil 2021ko ira. 2a, 12:36

1389ko pergamino baten aurkezpen ofiziala egin zen Orreagako Andre Maria Kolegiataren Izandegia aretoan. Aurkezpen ekitaldi horretan parte hartu zuten Orreagako Kolegiatako ordezkariek, Usurbil eta Zizurkilgo udal ordezkariek, eta Aranzadi Zientzia elkarteko nahiz Zizurkilgo Teodoro Hernandorena kultur elkarteko ordezkariek.

Bibiano Esparza, Orreagako Prioreak hartu zuen hitza agerraldia hasteko: "Gozagarria da gaur hemen egotea. Historiaz betetako lekua da hau: historia eta espiritualtasuna arnasten da. Orreagak hainbat jabego izan ditu, eta horietako bat da Andatzakoa. Hau ez da fikzioa, ez gaude pelikula batean: gaur, ikerlarien lanaren fruitu, egun historikoa da. Batu gaituen historia, Orreagako Andre Maria kolegiata eta Usurbilgo eta Zizurkilgo herriak batu gaituena".

 

Dokumentuaren jatorria

XIII. Mendean Orreagako Santa Maria monastegiak Andatza mendia jaso zuen dohaintzan. Zehazki, 1388koa da Martin Gonzalbiz, Achegako jauna (Usurbil) eta Orreagaren arteko akordioa. Nafarroako Kolegiatarentzat garrantzi handiko mendia zen Andatza, besteak beste, bertako basoaren ustiaketarako eta transhumantziarako. Yoseba Alonso ikerlariak azaldu zuenez, "ganaduak negua pasa zezan, kostaldeko tokiak behar zituen Orreagak, urtean elurte bat edo bi jasango zituzten lurrak. Andatzak hori betetzen zuen, eta garrantzia handia izan zuen horregatik, eta baita baso ustiaketagatik ere".

Orreaga eta Zizurkilen artean gatazka sortu zen mendiaren jabegotzagatik eta mugengatik. Rosa Aierbe mediebalista adituak azaldu zuenez, une hartan Zizurkil ez zen oraindik udalerri. Bizilagunen bilkura edo batzar bidez antolatutako herribildua zen. Batzar haietan erabaki zuten Orreagarekin zituzten muha haien inguruko ezadostasuna erakustea. 1389an hartu zen Andatzako eremuari buruzko erabakia, Orreagako Santa Maria Ospitalaren eta Zizurkilgo komunitatearen artekoa. Muga berriak non ezarri behar ziren erabaki zuten eta pergamino batean bildu zuten erabaki hura. Bi zatitan banatu zuten dokumentua. Zizurkilgo Udal artxibategian gorde da zati bat, Orreagan beste zatia.

 

Aurkikuntza

2019ko abuztuan Asier Agirresarobe, Yoseba Alonso eta Javi Castro ikertzaileak ‘Usurbilgo mugarriak eta Andatzako errotarri harrobiak’ ikerlana egiten ari ziren. Ikerlan horren harira, bisitaldia egin zuten Orreagako artxibategira eta han bildu ziren David Ascorbe, artxibategiko arduradunarekin eta Bibiano Esparza, kolegiatako priorrarekin.

Yoseba Alonso konturatu zen aztertutako dokumentuetako batek Zizurkilen ezagutzen duen beste dokumentu baten antza duela. Dokumentu hau da: Guipuzcoa, fajo 2-11, perg. 260, 1389 urtea. Yosebak Zizurkilgo artxiboa bisitatu zuen dokumentuaren neurriak bat datozela egiaztatuz. Bide batez, Iker Urruzola alkateak Teodoro Hernandorena Kultur taldeko Julian Arrastoa eta Joxin Azkue elkarteko kideekin harremanetan jarri zuen. Herriko mugarrien inguruko ikerlan sakonaren abiapuntua izan zen hura.

Iker Urruzola Zizurkilgo alkateak eskerrak eman zizkien Teodoro Hernandorena Zizurkilgo elkarteko kideei, euren herriaren historia ikertzen, balioan jartzen eta herritarrei zabaltzen egiten duten lanagatik. “Euren etengabeko lanari esker, Zizurkil hobeto ezagutzen ari gara. Izan ere, ezinbestekoa da nondik gatozen jakitea nora goazen jakiteko. Harrotasun handia sentitzen dugu Hernandorena Kultur elkartearekiko, eta ez gara aspertuko egiten duten lanagatik eskerrak emateaz”.

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkateak ere hartu zuen hitza atzoko agerraldian: "Aipatu ikerketa egin aurretik, Orreagaren 4 mugarri ziren ezagunak, eta ikerlan horri esker, beste bi mugarri berri topatu dituzte. Gipuzkoako zaharrenetarikoak dira, gainera. Izan ere, 1600 urtera arte, kiribila eskuinaldera marrazten zuten mugarrietan, eta hortik aurrera, ezkerraldera. Usurbilen topatutakoek eskuinaldera dute kiribil hori”. Gainera, Zizurkilekiko harremanari aipamena egin zuen: “Mugarriak izan ginenaren lekukotza bat dira, eta gaur garenaren oinarri. Elkarlanaz aritu gara, hiru herriak batzeaz: mugarriez ari gara, mugakide garen bi herriz, balio dezala elkarlan eder honek bi herrien arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko, bi herrien arteko harremanean sakontzeko, paraje eder batean, Andatzan”.

 

Balioan jartzea

2019ko urrian, Yoseba Alonsok gestioak egin zituen Rosa Ayerbe Erdi Arokoarekin Orreagako dokumentuaren zatia transkribatu ahal izateko. Gutun zatitua da, non aldeetako batek bi pergamino ditu elkartuta eta Orreagako Errege Kolegiataren artxiboan kontserbatzen da. Beste zatia Zizurkilgo udal-artxiboan gordetzen den pergamino bat da, 1389ko arbitraje-akordioan edo epaian mugarri batzuk non ezarri xedatuz. Mugarri horietako batzuk, horietako hiru gutxienez Orreagako gurutze-basoaren ikurra edo ikurra dutenak, gaur egun tokian bertan kontserbatzen dira eta Zizurkil eta Usurbil udalerrien arteko mugaren parte dira.

Agerraldia ixteko, jatorrizko bi dokumentuak batu zituzten fisikoki, 632 urteren ondoren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!