"Bailarako gazteak auzolantegietara etor zitezen nahi nuke"

Xabier Lasa 2021ko ira. 20a, 13:11
Manex Arrastoa, Aranzadirekin hainbat indusketa arkeologietan parte hartzen ari da azken aldian.

Manex Arrastoa Mendizabal (Zizurkil, 1992) hainbat garai historiko lantzen dituzten ikerketa arkeologikoetan buru-belarri dabil, Aranzadi elkartearekin. 

Aiztondoko bailaran Saseta sistema defentsiboa ikertu eta argitara jartzeko asmoz antolatutako auzolandegiak dira egitasmo horietako batzuk. Arrastoa auzolandegi horietan lanean aritzen diren boluntario taldeen koordinatzailea da 2017az geroztik.

Nondik datorkizu historiarako zaletasuna?

Beti izan dut gogoko historia, Erdi Aroari (Nafarroakoa batik bat) eta garaikideari dagokiona, batik bat; Gasteizko fakultatean, Euskal Herriko Erdi Aroarekin gozatu nuen gehien. 

Nolaz murgildu zinen ikerketa arkeologikoen munduan?

Gogoan dut, gaztea nintzenean, Joxin Azkue, aita eta hirurok 2009an nola izan ginen Amaiurren; Nafarroako konkistaren 5. mendeurrena antolatzen hasita zeuden eta baita ere ordurarte zabaldua zegoen bertsio ofiziala iraultzen. Nafarroako atal historiko horretan sakontzen jarraitu nuen, eta 2012an boluntario gisa aritu nintzen Amaiurren; geroztik ere ibilia naiz han. Horrelaxe heldu zitzaidan aukera Aranzadirekin jartzeko harremanetan. Eta, jakina, Zizurkilgoa izanda, Aiztondon 2013az geroztik martxan dagoen Saseta defentsa-sistemaren inguruko auzolandegian monitore izateko aukera eman zidaten; hain zuzen, 2014an, IÒaki Altzuguren andoaindarra eta biok begirale-lanak egin genituen, eta hortik aurrera, egitasmo horretan segitzen dut, boluntarioen taldearen koordinatzaile gisa azken urtetan.

Ikasketa akademikoa gauza bat izango da, eta landa laneko ikerketa bestea. Non ikasten da gehiago?

Biak dira elkarren osagarri, biak aberasgarri. Unibertsitateak oinarrizko jakintza eta historia aztertzeko baliabideak, metodo zientifikoak eta abar eskaintzen dizkizu. Teorizazio guzti hori gero praktikara eramateko orduan, primeran datorkizu landa lana. Izugarri ikasten da hortik jota, ez baita ahaztu behar lan arkeologikoak arlo asko dituela: prospekzio arkeologikoa, zundaketa, indusketa… Proiektuak edo txostenak idaztea ere egokitzen zaizu. Hortaz, ikasten da partekatzen artxiboetako ikerketa lana eta idazketa detektagailuarekin, aitzurrarekin, matxetearekin…

Azken batean, konparazioren bat egin daiteke Lanbide Heziketaren ikasketak egin ostean tailer batean lan hasten den ikaslearekin.

Aiztondoko auzolandegiek 1936ko gerra dute aztergai. Zer nolako transmisioa jaso izan dute bailarako biztanleek artean?

Egia esanda, maila pertsonalean, Aiztondoko bailarako auzolandegietan hasi arte, ezer gutxi nekien geure historia hurbilaz. Adituak nituen kolpe militarraren bultzatzaileek eragindako zenbait pasadizo edo atal isolatu, ez besterik: alegia, aitonaren anaia Berako harrobian nola fusilatu zuten, Villabonan emakumeak nola ibili zituzten kalean paseoan burua zuritu ostean… Baina interesa jartzeagatik dakizkit kontu horiek. Eta uste dut nahiko orokorra dela ezjakintasun hori, eskolan, etxean, gizartean… Apenas transmititu izan baitzaigu gauza askorik. Gogoan daukat gure aitak Kubara egin zuen txango baten ostean berarekin ekarri zuen harridura: miresmenez aipatzen zuen bertan memoria historikoa nola lantzen zen izugarri, eta bertako herritarrek euren aurrekoek egindako balentriekiko zenbaterainoko kontzientzia zeukaten. Eredu horren aurrean, hemen, gure aurrekoen historia jakiteko edo zabaltzeko zer egin dugun aztertzen hasten bazara, ez dago nondik heldurik. Orreagako bataila, eta kasik ezer gutxi gehiago jakin izan dugu orain gutxi arte...

Nola doa Aiztondon 1936ko gertakizunei buruzko lantzen ari zareten memoria historikoa…

Bailarako udaletxeek (Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkil) eta Aldundiak bultzatzen dituzte auzolandegiak, eta herritarren aldetik interesa hazten doa urtez urte… Nolanahi ere, lan handia dago egiteko oraindik, ikerketan eta, batik bat gizarteratzean. Izan ere, historia ikerketak, dokumentazio edo testigantzan pertsonalen bilketak, indusketa lanak eta abarrak egin ditzakezu, baina horiek apal edo kaxoi batean gordeta geratzeko arriskua daukate, baldin eta gero ez baduzu gizarteratzeko eta sentsibilizaziorako ahalegina egiten, gero herritarrek balora dezaten daukaten ondare historikoa. Aiztondoko auzolandegien kasu konkretua hizpide hartzen badugu, bada, udan izaten dira, opor garaian alegia, eta urtaro horretan ez da erraza izaten jendearengana iristea, nahiko sakabanatuta ibiltzen baita. Azpimarratzeko moduko zenbait ekimen burutu dira orain arte: Karlos Almortza eta Javi Buces historialariek memoria-lekuen deskribapenak ez ezik errepresioarekin lotutako herritarren testigantzak biltzen zituen liburua argitaratu zuten 2016an (Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen), Almortza bera ikastetxeetan mugitzen DBHko ikasleei hitzaldiak eskaintzeko asmoz, herritarrentzako ere egin izan dira hitzaldiak, informazio panelak jarri dira, prentsa bidez ere ematen da auzolandegien berri… Maila pertsonalean lagunekin-eta egin izan ditut bixita gidatu modukoak, lekuak eta beren historia jakinarazteko…

Eginak egin, asko dago ikertu eta zabaltzeko oraindik, esan bezala.

Herritarrek bertan-bertan daukaten ondare historikoa baloratzearen premia aipatu duzu. 

Aiztondon faxismoaren aurkako erresistentziarekin lotutako ondare historikoa, materiala zein inmateriala, gutxi-asko azaleratzen ari da poliki-poliki, baina alferrikako lana izango da hori guztia herritarrek ez badute aintzat hartzen, baloratzen, eta azken batean, bere egiten. Egoerarik idealenean jarrita, auzolandegietan bailarako gazte edo helduek parte hartu beharko lukete, berreskuratzen ari den ondarea bertako erakundeek eta gizarteak zaindu beharko lukete…

Ez zaizu iruditzen kolpe militarraren aurkako erresistentziaren arloan, historiagintzak, orohar, Gipuzkoako frontea gutxietsi egin duela, Bizkaikoaren mesedetan?

Hala izan dela esango nuke. Argi dago Gipuzkoako defentsak ez zuela Bizkaikoaren magnitudea eduki; hemen ez zituzten egundoko lubaki landuak eraiki, gutxiago bunkerrak. Kontuan hartu behar baita defentsa sistema hilabete bakar batean zutitu behar izan zutela, eta ez sei hilabetean Bizkaian bezala. Nolanahi ere, Gipuzkoako frontearen, eta zehazki, Andrezarratetik Belkoain mendira luzatzen den defentsa-sistemari merezi duen garrantzia eman behar zaio, batetik, Nafarroatik zetozen kolpe zaleei nola edo hala aurre egiteko balio izan zuelako, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzari denbora eman ziolako Gudarostea eta defentsa militarra prestatzeko ahaleginean. 

Ze ezaugarri dute auzolandegietan parte hartzen dutenek? Zerk bultzatuta etortzen dira?

Unibertsitateko ikasleak dira asko, baina hori ez da nahitaezko baldintza parte-hartzeko. Historiarako eta arkeologiarako gogoa eta interesa duen jendea behar du egitasmoak, eta izatez, bailarako gazteak ere etorri izan dira. Kontuan hartu behar da boluntarioak direla, ez dutela deus ordaindu behar -zer gutxiago!-, eta bi astetan gertuko elkarbizitzan oinarritutako esperientzia bizitzen dutela. Aparte, saiatzen gara lan-taldea parekidea eta belaunaldien artekoa izan dadin, euskaraz funtziona dezan… Konturatu gara Espainiako Estatuan erakargarri egiten direla gure auzolandegiak. Izan ere, 1936rekin lotutako indusketa arkeologikoak modan egon arren, aldi berean, ez dago erreza horietan parte hartzea estatu mailan, unibertsitateko zenbait irakasleek beren indusketa kanpainak boluntarioen bitartez finantzatzen baitituzte.

Bestalde, dena ez dela indusketa lana ere aipatu behar da. Parte-hartzaileei memoria historikoari buruzko formakuntza-ikastaro modukoa ere eskaintzen zaie bi asteko auzolandegian, eta zenbait memoria leku berezietara (Elgeta-Intxorta, Sartaguda, Ezkabako kartzela…) eramaten dira. Elkarrizketa hauxe probestu nahi nuke bailarako gazteei mezua zabaltzeko, eta animatzeko hurrengo urtetan antolatuko diren auzolandegietara bertara daitezen.

Boluntario taldea, Aldundiko eta Aiztondoko udal ordezkariekin batera, Zizurkilen, Zarateko Bentatik gertu aurten antolatu den auzolandegian. 

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 589. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!