Mediterraneoan barrena, batelean

Ainhoa Gil 2021ko urr. 1a, 09:00
Urki Galarraga, Amasako plazan, batelean egindako bidaiaren inguruan solastu ondoren.

Batela eta arraunak furgonetaren gainean jarri, eta Menorka aldera abiatu ziren Urki Galarraga eta lagunak. Bost egun baino gutxiagoan irlari itzulia eman zioten, esperientzia gogoangarria bizitzeraino.

Arraunak elkartu zituen Fermin, Imanol, Julen, Iñigo eta Urki. Lehorrekoak dira guztiak ere; Berrobi, Tolosa, Berastegi eta Amasakoak izanagatik, arraun artean ezagutu zuten elkar. Tolosaldeko Arraun Klubean eman zituzten lehen paladak eta Zarautzeko traineruan ere ibili ziren bolada batean. 

Arraun-ibilbidea amaituta, harremanari eutsi zion boskoteak. Urki Galarragak azaldu duenez, ordea, “bazkari edo afaritarako geratzen ginen eta parranda ere gustura egiten genuen elkarrekin. Nik banuen, ordea, pena handi bat. Futbolean, pilotan... Beste edozein kiroletan aritu ondoren, lehia uzten duen jendeak kirol berean jarraitzeko aukera izaten du, nahiz eta lehiatu ez. Arraunean ordea ez da hori gertatzen. Ez da inor arraunean ibiltzen, ez bada lehiatzeko. Nik horrekin hautsi zitekeela sinesten nuen; arraun egin genezakeela zaletasun gisa, beste helbururik gabe”.

Santurtziko batela

Lagunekin izandako hizketaldi batean bururatu zitzaien batela erostea. “Bost lagun gara eta batelak bost pertsonentzako izaten dira. Bagenekien ez zela erraza izango salgai zegoen batel bat topatzea, baina saiakera egitea erabaki genuen. Hondarribiatik hasi, eta Galiziara bitarte, kostaldeko arraun-talde guztiei galdetzen joatea pentsatu genuen. Halaxe egin genuen. Zenbait ezezko jaso ondoren, Santurtzin topatu genuen nahi genuena. Bi batel zeuzkaten saltzeko moduan, eta haietako bat erosi genuen”. Beren zaletasunari eusteko aukera eman die batel horrek.  

Moldaketa lan batzuk egin behar izan zizkioten ontziari. Izan ere, Urkik azaldu duenez, “umeek erabilitako batela zen guk erosi genuena eta haien neurrietara moldatuta zegoen. Uretara atera genuen lehen aldian oso deseroso aritu ginen, arraunean askatu ezinik. Erabat gure tamainara moldatzea lortu genuenean askoz ere hobeto sentitzen hasi ginen”.

Baziren zenbait urte arrauna utzia zutela eta gozamena izan zen haientzat berriz ere palak hartzea. “Lagunak elkartu, batela furgonetaren gainean jarri, itsasora edo ibaira joan, eta arraun egitea. Horixe zen nire helburua, eta lortu dugu. Gozatu egiten dugu arraunarekin, eta elkartzeko aitzakia ere ematen digu”.

Menorkara

Mediterraneora ere iritsi da Urki eta bere lagunen batela. “Arrauna utzitakoan, urarekin harremana mantentzeko edo, piraguan ibiltzen hasi ginen gutako batzuk. Piraguarekin ikusten gintuen guztiak galdetzen zigun Menorka irlari itzulia emana ote genion”. Galdera hori buruan zutela, Menorkari itzulia batelarekin egiteko ideia indarra hartzen hasi zen, eta laster adostu zuten bidaia. 

Bost etapa zehaztu zituzten eta hara eraman beharrekoak ere antolatu zituzten. “Batelean oso toki gutxi dago gauzak eramateko. Bakoitzak bere poltsatxoa eraman zuen, lotarako zakua eta arropa pixka batekin. Gainerakoan, janaria eta ura, eguzkitarako krema... horrelakoak beste bi poltsatan banatuta jarri genituen. Garrantzitsua zen gainkargarik ez eramatea, baina baita zeharkaldian beharko genuen guztia eskura izatea ere”, azpimarratu du Urkik. 

Mediterraneoko uretan ibili zen lagun taldea. Itsaso hark zakartzen ere badakiela erakutsi zien.

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 589. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!