Giro ederra Azoka Berezian

Aiurri 2021ko urr. 10a, 15:33

Indartsua izan da Azoka Bereziaren itzulera. 10:30etan ireki dituzte ateak eta laster hasi dira gerturatzen bisitariak. Oinez batzuk, autoz beste batzuk, eta Zizurkilgo Udalak antolatutako autobusean beste asko eta asko. Postu asko zeuden aukeran, eta giro polita sortu da goizean zehar. Eguraldiak ere lagundu du eta goiz-pasa ederra egin dute gerturatu direnek.

Baserritarren postuak, artisauenak, jaki ezberdinak... bazen gaur Zizurkilen non aukeratu. Eguerdi inguruan jende asko zebilen Zizurkilen. Zimiterioan, P.M. Otaño plazan, Teodoro Hernandorena kalean eta Intxaur pilotalekuan zeuden postuak. Haien artean ibili dira herritarrak.

Aurreko urtetan egun osoko Azoka egin izan badute ere, aurtengo edizioa goizez bakarrik egin dute. Giro ederrean murgilduta pasa dute goiza gerturatu direnek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!