Txapelketari begirako beroketa saioa egin zuten Hernaniko eta Tolosaldeko sei bertsolarik

Xabier Lasa 2024ko api. 19a, 15:35

Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan txapelketa, eta parte-hartzaileak ari dira beroketa lanak egiten, han hemen. Atzo Adunan izan zen saio horietako bat, bi bertso eskoletako honako sei kiderekin: Jon Mendiluze (Irura), June Aiestaran (Beasain), Eli Pagola (Hernani), Ekain Tolaretxipi (Hernani), Iker Ormazabal (Hernani) eta Txomin Azpiroz (Anoeta). Igotz Alkorta izan zuten gai jartzaile. Zenbait bertsoaldi, bideoz ikusgai:

Tolosaldeko Harituz eta Hernaniko Paulo Txikia bertso eskolak antolatu zuten saioa, Adunako Udalarekin laguntzarekin.

Txapelketako saioetako egitura berberari heldu zioten Adunan, atzoko saioan, nahiz eta puntuaziorik gabekoa izan. Hona zeintzuk diren lau ariketak: Ofizioko lana, zortziko handian; ofizioko lana, zortziko txikian; ganbarako ariketa, bi puntu jarrita erantzutea, eta, gai baten inguruan bina bertso; eta, ofizioko lana, hamarreko txikian.

 

Eskoriatzan jarriko da abian Gipuzkoako Txapelketa

Apirilaren 25ean ekingo dio Gipuzkoa Bertsotan txapelketak, Eskoriatzan, hain zuzen. 20 saio jokatuko dira lehenengo sailkapen fasean, bi itzulitara. Guztira 74 bertsolarik hartuko dute parte, eta 48 txartel egongo dira jokoan, bigarren itzulirako. Udazkenean jokatuko den bigarren fasean 34 bertsolari ariko dira lehian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!