#A30 Greba Feminista Orokorra

"Greba deialdia gizarteratzen ari dela nabari dugu"

Jon Ander Ubeda 2023ko aza. 26a, 07:00

Irune Gozalo eta June Igarategi mugimendu feministako kideak dira biak, eta azaroaren 30eko greba-komitean parte hartzen ari dira. Datorren asteko hitzorduaren gakoak eman dituzte.

Aste bat falta da Greba Feminista Orokorra iristeko. Zein da Andoaingo lantaldearen aldartea?

Irune Gozalo: Nabaritzen da Greba Feminista Orokorra hurbiltzen ari dela. Aurreko larunbatean, eskuorriak eta txapak banatu genituen Goikoplaza aldean, eta Joakin Larreta etorbidean murala margotzen aritu ginen. Deialdia herrian gizartzeratzen ari dela nabari dugu, baina oraindik ere deialdia tokiko merkataritzara zabaltzea falta da. Taldeko kideak, behintzat, oso aktibo gabiltza lanean.

Greba antolatzeko batzordean partaide ugari ikusten dira, Arrate pilotalekuko bilera-gelatik zabaldutako irudietan. 

June Igarategi: Nahikoa jende hurbiltzen ari da, bai. Batzordea mixtoa da, berez, eta gizonengana gehiago iristea nahiko genuke.

I.G.: Urriaren 25ean egin genuen lehen batzarra, Arraten. Eta, geroztik, bost bilera egin ditugu. Asteroko maiztasunari eusten diogu, eta hogeita hamar lagun oso aktibo ari gara lanean. Adin ezberdinetako kideak elkartu gara, eta motibazioz gainezka gaude.

Herria geraraztea da asmoa, ezta?

I.G.: Asmoa hori da. Badakigu pertsona guztien baldintzak ez direla berdinak, eta egun horretan ikusiko dugu den-denei greba egitea ezinezkoa zaiela. Zaintza.esparruko pertsonak ditut buruan. Asmoa greba egun osora luzatzea da.

Mahai-ingurua antolatu zenuten, Basteron. Eta solasaldi horretan zaintzari loturiko kasu errealei ahotsa eman zenioten. Errealitate gordin hori azalerazteko asmo argia duzue.

I.G. : Garrantzitsua da zaintzaren esparruan murgilduta dabiltzan pertsonak protagonista bilakatzea. Batzurentzat abstraktu samarra izan daitekeelako zaintzari lotutako lana. Grebaren muinari nola heldu ez dakienarentzat oso baliagarria izan da solasaldi hori antolatzea, eta lekukotza horiek entzutea.

Gazteak zarete biak, eta dinamika gehienetan adin beretsukoekin ari zarete jardunean. Oraingo honetan belaunaldi ezberdinetako herrikideak elkartu zarete. Nolakoa izaten ari da esperientzia hori zuentzat?

J. I. : Gure artean dinamika batzuk gauzatzera ohituta geunden. Belaunaldien arteko kontrastea sortu da, bizitako esperientziak eta egoeraren gaineko ikuspegiak ezberdinak direlako. Interesgarria da hartu-eman horretatik ateratzen ari dena, eta oso aberasgarria guretzat. Batzuk eta besteak, bakoitza bere atalaiatik, elkar elikatzen ari gara guztiak.

I.G.: Belaunaldi ezberdinetako kideak elkartzea gutxitan gertatzen den zerbait da. Faltan bota dugu hori, orain arte. Erosoena gure albokoekin aritzea baita. Ibilbide bat duten pertsonen ekarpenetara eta ideietara zabalik egotea interesgarria iruditzen zaigu guri.

Adinean gora doazenek zuek duzuen freskura nabarmenduko dute, akaso. Eta zuek haiengatik zer duzue esateko?

I.G.: Gure artean gertatzen den bezala, helduagoen artean oso profil ezberdinak aurki daitezke. Erakusten duten indarrarekin eta gaitasunarekin harrituta naukate. Zer nolako indarra eta aktibazio-maila erakusten duten! Guk genuen motibazioan eragin dute, onerako.

Beraz, entzundakoagatik, greba bezain garrantzitsua izaten ari da egun horren antolatzea prozesua.

I.G.: Hori zen helburua. Prozesu baten gisan ikusi nahi dugu greba.

Zaintza-lanen baldintza eskasak salatu nahi dira, greba honen bidez. Eta, bide batez, etxe barruko zaintza emakumeengan ematen ari dela salatuko da. Errealitate hori gertutik ezagutzen al duzue?

J.I.: Prekarietatea agerikoa da, zaintzarekin zerikusia duten lanbide horietan.

I.G.: Nork zaintzen zaitu zu? Nor zaintzen duzu zuk? Nork zaintzen du nor, zure familian? Dinamika honi esker, nork bere etxe barruan duen dinamika berrikusteko aukera du.

Azaroaren 25era begira, zer antolatu duzue?

I.G. Egun seinalatua da, baina ezin dugu greba deialditik bereiztu. Ez da soilik indarkeria matxistaren aurka egiteko eguna izango. Azaroaren 30erako deitu dugun greba feminista orokorraren muinarekin uztartu nahi dugu.

Eguerdiko 12:00tan Goikoplazatik aterako gara, eta askotariko zaintza-espaziotara hurbilduko gara. Hitzordua kontzentrazio batekin amaituko da, Goikoplazan bertan.

Grebari begira zer adierazi nahiko zenukete, azkenik?

I.G.: Denon ardura da zaintza kolektibizatzea, denori eragiten digulako. Familian nahiz gertukoen egunerokoan, denok zeharkatzen gaituen arazoa da. Ardura, beraz, denona da. Grebara batzeko arrazoi nahiko badagoela uste dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!