#A30 Greba Feminista Orokorra

"Zaintza lanek sostengatzen duten sistema hau errotik astinduz, berrasmatu eta berreraiki beharra dago"

Jon Ander Ubeda 2023ko aza. 30a, 14:10

Xare Otaño eta Oihana Jauregi izan dira manifestazioaren amaierako adierapena irakurri dutenak.

Honatx, azalpen nagusiak:

“Euskal Herriko mugimendu feministak denon bizitzak erdigunean! dinamikaren bitartez zaintza sistemari begira jarri gaitu. Azaroaren 30eko greba honekin zaintza eskubide kolektiboaren alde, Euskal Herria, eta Andoain mugitu eta aztoratu dugu! Gora Borroka Feminista!! Gora Greba Feminista Orokorra!!

Prestaketa luzea eta oso emankorra izan da. Zaintzaren esanahia bera aztertzetik, gu guztion bizitzetan eragina duen sistema kolonial, arrazista, kapitalista eta heteropatriarkalaren ondorioak ulertzera iritsi gara. Baina zaintzaren inguruko hausnarketa ez da hor bukatzen eta hasitako bidea egiten jarraitu beharko dugu; pausoz pauso irauliz, egunez egun eraldatuz. Andoainen, hilabeteak eman ditugu lanean, gure artean saretzen, norberarentxe barrua arakatu eta gure bizi-ereduak zalantzan jarri ditugu. Etxez-etxeko zerbitzua minimoetan dagoela jakin dugu. Beren herriak atzean utzi eta lan egiteko migratu duten emakumeen egoera sostengaitza ezagutu dugu.

EMAKUMEOK mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi, ingurukoak zaintzen eta egiten duten lan ikusezina argitara atera dugu. Zainduak eta zaintzaileak izatearen errealitatea gertutik ezagutu dugu. Baina, esan bezala, hau hasi besterik ez da egin eta lan handia dugu egiteko aurretik. Guztiok. Zaintza lanek sostengatzen duten sistema hau errotik astinduz, berrasmatu eta berreraiki beharra dago, eta horregatik gaude gaur hemen. Kalean. Borrokan.

Maila handiagoan edo txikiagoan, baina guztiok dugu zainduak izateko beharra. Eta behar horretaz baliatzen da sistema neoliberal, heteropatriarkal arrazista. Eremu pribatura daramatza zaintza hauek eta ahal den neurrian merkantilizatzeko baliatzen ditu, ondoren hauekin negozioa egiteko. Horrela, pisu eta ardura osoa familiengan erortzen da. Gehienetan emakumeengan. Eta zaintza-lanik gogorrenak, emakume arrazializatu eta migranteen bizkarrean zamatzen dira. Gutxi batzuen etekin ekonomikoen truke. Zaintza lanen gainkarga horrek gure bizi baldintzak okertzen ditu, besteen bizitzak eusteko. Horregatik, ezinbestekoa dugu zaintzaren kolektibizatu eta aitortza sozial, politiko eta ekonomikoa bermatzea. Honen ardura guztiaren aldarrikapena egiteko atera gara gaur kalera.

Zaintza sistema publiko-komunitario baten alde, jarraitu dezagun lanean, jarraitu dezagun borrokan!! Gora Borroka feminista!!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!