Martxoak8 2024

Martxoaren 8ko emozioak

Helena Zubillaga 2024ko mar. 16a, 07:00

Aurreko asteburuan bizitakoak zer pentsatua eman dio Helena Zubillagari. Honatx, idatzitako iritzi-artikulua.

Historia egunez beteta dago, eta egun horiek igaro diren moduagatik, egun historiko eta protagonista nagusi bihurtu dira. Egun seinalatu horietan gertatu dena erabakigarria izan da, neurri handiagoan edo txikiagoan, historiaren bilakaeran, eta baita eraikitzen jarraitzen dugun etorkizunaren eraikuntzan ere. Martxoaren 8a egun horietako bat da, eta urtero goraipatzen eta gogoratzen duguna ez da leku zehatz batean gertatu zen gertaera jakin bat. Ospatzen duguna borrokaldi latz eta etengabea da, planetaren bazter guztietara hedatua irudikatzen dena.
Bide batez, emakumeen eskutik iritsitako lorpen sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak gogoratu nahi ditugulako.

Kontatu digutenez, hastapena 1908ko martxoaren 8an dago, New Yorkeko Cotton ehun-fabrikan, emakume talde bat grebarako bildu zenean, eta jabeak fabrikan giltzapetu eta eraikinari su eman zionean. Horren ondorioz, 129 emakume hil ziren. Baina BegoÒa Marugan adituak esan digu egun horretan ez zela inolako suterik izan New Yorkeko ehun-fabrikatan, eta ez zela inolako grebarik egin igandea zelako. Atseden eguna baitzen. Halaber, esan digu 1911ko martxoaren 25ean sutea izan zela ehun-fabrika batean, eta emakume asko hil zirela, 17 eta 24 urte bitarteko neska etorkinak. Data horiek baino lehen, emakumeak hasita zeuden beren lan-baldintzak hobetzeko borrokan, manifestazioak eta grebak deituz. Manchesterren 1853an, New York 1857an, Espainian 1905ean eta 1921ean.

1908an, New Yorken, emakumeek manifestazioa egin zuten “Pan y Rosas” lemapean, lan-ordutegiaren murrizketa, soldata hobeak, botoa emateko eskubidea eta haurren lanaldiekin amaiera eskatzeko. Emakumeek ere 1911n aldarrikatu zuten kargu publikoak betetzeko eskubidea, irakaskuntzarako eskubidea eta lan-diskriminazioaren amaiera.  1917ko martxoaren 8an, emakume errusiarrak matxinatu egin ziren elikagairik ez zegoelako. Tsarren erregimenarekin amaituko zen prozesu iraultzaileari hasiera eman zioten. Marugan adituak dioenez, gertaera horren jatorri komunista ezabatu da.

XIX. mendeko emakume haiek aurreikusiko lukete munduko emakumeek ehun urteren ostean, kalera irteten jarraituko zutela beren lelo berberak oihukatzera?

Berthe Morisot margolari inpresionistak beste emakume margolari batzuei bidea ireki zien. Emakume aitzindariak 1864an idatzi zuen: "Behar duguna emozio berriak dira, baina non aurkituko ditugu?". Emakume hark ez luke irudikatuko 2024an emakumearen eguna ospatzeak andoaindar askori aukera eman digula akaso berak bilatzen zituen bezalakoak izan ez diren emozioak aurkitzeko, baina, zalantzarik gabe, guretzat berriak eta biziak izan dira.

Martxoaren 8a, gutako askorentzat, garaiz hasten da forma eta indarra hartzen. Emozioa, pentsamendua, desioa sortzen hasten da, eta uneoro presente dago funtzeskoa dena: emakumeen eskubideak aldarrikatzea. Pixkanaka-pixkanaka, asmatzen, irudikatzen, aurrez aurre jartzen, partekatzen, taldean lan egiten, elkarren seme-alabak zaintzen, aliantzak sortzen, harreman berriak ezartzen, barre egiten eta taldean gozatzen hasten da.

Hori guztia, aurten ere, agerian geratu da. Joan zen asteburuan, esaterako. Hilaren 8an elkarrekin eseri ginen mahaiaren bueltan barazki-paella jateko. Emakume asko ginen. Batzuk Andoainen jaiotakoak, beste batzuk Nigerian, Galizan, Nikaraguan, Marokon, Extremaduran, Ghanan, Saharan… Elkarrekin dantzatu genuen, elkarri begiratu eta errespetuz hitz egin eta entzun genuen. Aliatu egin ginen. Baina ez geunden denak, gaixorik eta ospitaleratuta zeudenak falta ziren, gauez lan egiten zutenak, norbait zaintzen ari zirenak, agian, beren buruari "emozio berri baten bila noa!!!", esatera ausartu ez zirenak. Egun aldarrikatzaile horretan festaren arrazoia argi ikusten ez zuten emakumeak ere falta ziren.

Larunbata, aldiz, egun berezia eta hunkigarria izan zen, emakume asko ibili baitzen kalez kale, guztien artean zer ehundu zitekeen erakusten. Gure herriko garbitegiak eta gobaragileen bizitza gogorra biziberritu genuen. Ondoan, Nabila eta Precius genituen, eta guretzat emozio berria bizitzea suposatu zuen. Eskerrik asko guztioi.

Ez ahaztu, feministak garelako, emozio berriak bilatu behar ditugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!