Tentsio uneak, CIE Orbelan Plasticos enpresako bigarren greba egunean

Aiurri 2024ko api. 23a, 13:19

Manifestaziorako deialdia deitua zuen gaur goizerako ELA sindikatuak, baina bertan behera geratu da enpresak hartutako erabakia medio. ELA sindikatuak adierazi duenez, "azken unean, aldi baterako kontratua duten langileei deitzeari ekin dio enpresak. Langile zaurgarrienei deitu diete, mehatxupean". Horiek horrela, grebalariek "piketeak" egin dituzte. 

Orbelan enpresako langileak greba hasi zuten atzo, beren lan hitzarmena hobetzeko eta baldintza duinen alde. ELA sindikatuak argi adierazi zuen enpresako langileen egoera eta horien eskakizunak: "Feminizatuta dagoen plantilla honek, soldaten igoeratan, gauen prezioetako igoeratan, lanaldi jeitsieran eta lan poltsen orduen jeitsieran jarri dute ardatza borroka honetan besteak beste. Alde batetik, soldaten duintasunaren defentsan borrokatzen dute eta bestetik, enpresak orduekin poltsarekin duen erabileraren alde bakarreko gaitasuna  mugatzea".

Egoerak egoera, arratsaldean manifestazioa egingo dute langileek, arratsaldeko 17:30ean, Orbelan enpresatik Goikoplazara.

Prentsa askatasuna

Ertzaintzak Aiurriko kazetaria identifikatu du lanean ari zenean, grebaren argazkiak egiten eta bideoak grabatzen ari zelako. Beste kazetari bat eta zenbait langile ere identifikatu dituzte gauza bera egiteagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!