Manifestazioa, otsailaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT SINDIKATUAK 2023ko ots. 22a, 08:08

Artxiboko irudia.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioa deitu dute otsailaren 25erako, Euskadiko hiru hiriburuetan, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka. Donostiako mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik.

Duela aste batzuk, Osakidetzan arazoak eta zailtasunak daudela aitortzen entzun genion Urkullu Lehendakariari. Osakidetza ez dela ez desegiten ez pribatizatzen ari adierazi izan du Lehendakariak, eta Sagardui Sailburuak ere ukatu egin du Osakidetzan murrizketak eta pribatizazioak egiten ari direnik. Errealitate bakarra da lan-prekaritateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen duela: %50etik gorako behin-behinekotasun-tasa; lan-gainkarga sistematikoa; plantilla urria; ordezkapenik eza eta lanpostu hutsak ez betetzea; 
lan-baldintzetan murrizketak, 
etab.

Aldi berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo EAGetan eta Santiago Ospitaleko larrialdietan aplikatutako murrizketek eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuak aurrera jarraitzen dute. Gainera, oporraldian etengabeak dira lehen mailako arretan ematen diren murrizketak. 

Lehen Mailako Arretaren egoera bereziki prekarioa da. Gogoan izan behar dugu kolektibo horrek 2019an ere egin zuela greba, garai hartan pairatzen zuten muturreko egoera salatzeko. Egoerak okerrera baino ez du egin hiru urte hauetan. 

Bitartean, Mahai Sektoriala erabat blokeatuta dago. Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere aintzat hartu. Osasun Sailak gure osasun publikoa eraisteko bidean sakontzen duten erabakiak hartzen jarraitzen du. 

Herritarrei eskaintzen zaien osasun-laguntza eskuratzeko gero eta zailagoa eta kalitate txarragokoa da. Lehen Mailako Arretako hitzorduek atzerapen handia dute, eta batzuetan ez dago bermatuta aurrez aurreko arreta; PACak ixteak edo horietako ordutegiak murrizteak joan-etorri luzeagoak egitera behartzen ditu pazienteak, eta horrek gero eta egoera delikatuagoan jartzen ditu kolektibo kalteberak; Ospitaleko Larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta bi egunetara ere heltzen da artatu ondoren plantara eramateko epea; kanpo-kontsulta baterako zain dauden pazienteen kopurua sei aldiz biderkatu da sei urtetan; proba diagnostiko baten zain daudenena bikoiztu egin da 2019tik; eta kirurgiako itxaron zerrendak %36 hazi dira hiru urtetan; Osakidetzak onartu du 11 hilabeteko atzerapena dagoela bularreko minbiziaren baheketetan, eta ebakuntza egiteko zain dauden eta minbizia duten pazienteek hilabete bat itxaron behar dutela.

Osasun-aseguru pribatuen kontratazioak gora egin izana Osakidetzaren eraispenaren ondorioetako bat da, zalantzarik gabe; izan ere, Bizkaian, esaterako, hiru herritarretik batek kontratatu dituzte.

Egoera horren aurrean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioa deitu dute otsailaren 25erako, Euskadiko hiru hiriburuetan, Osakidetza defendatzeko eta osasun publikoa desegitearen aurka. Donostiako mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik. Langileei, herritarrei eta gizarte mugimenduei guztion osasuna defendatzeko mobilizatzera dei egiten diegu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!