Merlier-ek garaipena, Pogacar-ek ikuskizuna

Artxiboko irudia.

Esprintean erabaki da etapa, baina liderrak katerik gabe korritzen duela erakutsi du berriro, tropel guztia hankapean ibiliz.

Batzuen ustez etenik gabeko show bat izango da. Beste batzuentzat gehiegizko erakustaldia, txirrindularitza bera kaltetzen duena. Pogacar-ekin pasatzen ari da Giroan, eta esloveniarra eta Vingegaard-ekin, korritzen duten edozein probatan. Gaurkoan liderraren erakustaldia ikusi eta besaulkian esertzea besterik ez da geratzen. Lerroon egilearentzat gehiegizko erakustaldia da, eta beharrik eduki gabe aurkariak hutsaren hurrengo uzten ditu; egun batean bai, eta hurrengoan ere bai.

Gaurkoa etapa laua zen, 1.5 kilometroko aldapa etzan batekin helmugatik 3 kilometrora. Pogacar-ek kokapen onarekin ekin dio, eta Mikkel Frolich Honore-k erasoa jo ondoren haren atzetik abiatu da. Txistu batean harrapatu du, eta majo sufrituta iritsi da atzetik Geraint Thomas, podiuma lortzeko hautagai sendoenetakoa. 6-8 segundoko errenta lortu dute esprinterren taldearekiko, baina Pogacar-ek eman dituen erreleboak beste planeta batekoak izan dira. Honore lehertu du aurrena, eta Thomas galestarra bera ondoren. Ez ahaztu, Thomas erlojupekoetan bikain moldatzen dela, adinean gora badoa ere. Thomas hasi berri bat bailitzan askatu du, aise, eta tropela gerturatzen ari zela jakitun izanda ere, esprintean saiatu da. Tarteko helmuga batean ere bai, segundo pare bat irabazteko. Lehiakor sena mugagabea, edo nagusi denaren harropuzkeria? Hortxe eztabaida.

Etapan ezer gutxi gertatu da, Intergiroko puntuek sortutako haize babesak izan ezik. Talde nagusia hiru zatitan hautsi da, eta tentsio handi samarra egon da pakea itzuli den arte. Bukaeran, morroiek lana lodi egin behar izan dute Pogacar harrapatzeko, eta Soudal taldeko Tim Merlier-ek lortu du garaipena, Johathan Milan italiarra menderatuz. Denboraldiko zortzigarren garaipena da belgikarrarentzat.

Bihar laugarren etapa korrituko da: Acqui Terme-Andora, 190 kilometro eta mendate bakarra bidean, etapa erdialdean. Etapa bukaeran kilometro pasatxoko kasko bat dago, Capo Mele, %5.1eko batez besteko nalda. Pogacar saiatuko ote da berriro?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!