Talde lanaren emaitza!

Jonathan Milan helmugan. (Argazkia: Giro d'Italia)

Jonathan Milanek irabazi du Giroko laugarren etapa, Lidl-Trek taldeko kideek egindako jazarpen eta bideratzaile lan ona baliatuz; Filippo Ganna garaipena lortzear izan da

Esprinterrei buruz aritzen gara sarri: ze azkarrak diren, ze iaioak azken unean erotzeko moduko teknika eta abiadurak lortuz. Baina taldeen lanari buruz hitz egin behar da, askotan horien lana etapa garailearena bezain erabakigarria baita, erabakigarriagoa ez bada. Lidl-Trek taldeak lan bikaina egin du Andorara bidean, eta lan horri esker nagusitu da Jonathan Milan. Errematea eman dio Italiako zainzuriak, baina badu zer eskertua taldeari.

Kokapen ona ziurtatu diote, aurrena, Liguriako itsasertze ederrean, haizerik jan ez zezan. Capo Mele gaina igotzen hasi direnean gertutik zaindu dituzte eraso guztiak, batez ere Filippo Gannarena. Verbaniako erraldoiak enbidoa bota dio tropelari, eta eraso ikusgarri batekin dardara eragin. 7-8 segundo mantendu ditu Gannak, baina Lidl-Trek taldeko morroiek lan handia egin dute, eta Ganna irentsi helmugatik 600 metrora. Ondoren bideratzaile lan aparta egin diote, eta azken 100 metroetan aise nagusitu da morroskoa. Saiatu dira Milanengana iristen Groves eta Merlier, baina haizea jan izan behar dute lodi, bideratzaileen babesik gabe, eta belaunikatu egin behar izan dute Lidl-Trek taldearen erakustaldiaren aurrean.

Ganna bera etapa hasieran saiatu da ihes egiten, eta Calmejane, De Bod eta Muñoz-ekin alde egin du. Tropelak laukoteari baimenik ez ziola ematen ikusi duenean, harrapatzen utzi da Ganna, eta bidea egin du hirukoak. Cologno jaitsieran euria zen, eta euritakoa janzten saiatzen ari zela, kontaktua galdu Calmejane-ek. Bukaeran erabakigarria izan da haren hutsunea, Muñozek eta De Bod-ek helmugatik lau kilometro geratzen ziren arte iraun baitute, indartsu. Euriak eroriko batzuk eragin ditu. Ben O'Connor australiarrarena, besteak beste, eta Binian Grmayrena. Eritrearra erretiratu egin da.

Bihar bosgarren etapa, Genoa eta Lucca artean. 178 kilometro eta asteko hirugarren volata, gauzak normal.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!