“GOXO-GOXO AURTENGO NEGUAN” IKAS-EGOERA ARLOARTEKOTASUNEAN EGINDAKO IKASKETA ZERBITZUAREN BIDEZ GARATU DA

DBH 2. mailako ikasleek, arropa eta materialak biltzeko kanpaina antolatu dute Donostiako Harrera Sareko elkartearekin bat eginez. Kanpainak urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra iraungo du.

DBH 2. mailako ikasleek curriculumarekin loturiko gaiak eta ingurumenaren aldeko baloreak jasotzeaz gain, proiektu bat garatu dute komunitateari zerbitzua eskainiz (ikasketa zerbitzua).

Hondakinen kudeaketa eta honek ingurumenean duen eragina aztertu eta gero, berrerabileran eta honek dituen onuretan sakondu dute ikasleek. Donostiako Harrera Sarearen inguruko informazioa aztertu dute eta bertako kideen testigantza jasotzeko aukera izan zuten ikastolara etorri zitzaizkigunean. Garazik, elkarteko bolondres moduan, bere esperientzia azaldu zigun eta Anuarrek bere errealitatea kontatu zigun. Gainera, aurrez prestatutako galderak egiteko aukera ere izan genuen. 

Ikas-egoeran, jarduera anitzak egin dituzte gure ikasleek. Egape ikastolako familiei idatzi bat bidali zaie kanpainan parte har dezaten animatuz. Sentsibilizazio kanpainarako aurkezpenak prestatu dira eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat geletan aurkeztu dituzte. Kartelak diseinatu eta gela eta pasiloetan itsatsi dituzte. 

Gure ikasleek arloartekotasunean -Natura Zientziak, Euskara eta Hezkuntza Plastikoa- garatu dute proiektua. Gure ikasleen lanak, elkartearekin kolaboratuz eta zerbitzua eskainiz, balio erantsia lortu du.

Hona hemen ikasleen gutuna:

" Herritar estimatua:

DBH 2. mailako ikasleek arloartekotasunean proiektu bat landu dugu, proiektua “Goxo-goxo aurtengo neguan” da. Honen helburua, Donostiako Harrera Sarekoekin elkarlanean arituta kalean bizi diren migranteen egoera hobetzea da. Horretarako, kanpaina bat jarri dugu martxan eta kanpaina honen bidez, materiala eta arropa bildu nahi dugu.

Urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra, Egape LHko eta DBHko ikastetxeen sarreretan kaxa batzuk jarriko ditugu material eta arropa hau biltzeko. 

Bildu nahi den arropa eta materiala, hau da:

  • Arropa eta oinetakoak ( batez ere gizonezkoentzat).
  • Materiala: lo zakuak, mantak, motxilak, kanping dendak, mugikorrak, eskularruak…

Animatzen zaituztegu kanpaina honetan parte hartzera, beraiek asko eskertuko dute. 

Izan zaitezte solidarioak, migranteek gure laguntza behar dute.

 

Egape Ikastola BHI

DBHko 2. mailako ikasleak"

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!