Heriotzezko lan-istripu berria Gipuzkoan

ELAk jakitera eman duenez, lan-istripu baten ondorioz zendu zen larunbat goizaldean Zegamako Goilaser enpresan 57 urteko langile bat. Hildako langilea, antza denez, Aldi Baterako Enpresa bateko langilea zen eta aste gutxi batzuk zeramatzan Goilaserren lanean. Heriotza berri honekin, dagoeneko gutxienez 13 lirateke Euskal Herrian lanean bizitza galdu duten pertsonak, laugarrena Gipuzkoan.

Lehenik eta behin, hildakoaren senitarteko eta lagunei elkartasun eta babes zintzoena adierazi nahiko genieke, momentu hauetan sentitzen ari diren samina gure egiten dugularik.

Bigarrenik, garrantzitsua deritzogu salatzea langileak aldi baterako enpresa baten bidez lan egiten zuela Goilaser enpresan. Geroz eta prekarioagoa den lan merkatu batean, are nabarmenagoa da prekarietate hau Aldi Baterako Enpresetan lan egiten duten langileengan. Enpresa hauen erabilera izugarrizko iruzurra da: behin-behineko kontratuak erabiltzea ustezko premia puntualak betetzeko, benetan enpresen barruan behar iraunkorrak direnean; astelehenetik ostiralera kontratatzea atseden-egunak aurrezteko; ordutegiak eta txandak aldatzea, lan-legedian ezarritako gutxienekoak errespetatu gabe; prebentzio legeak jasotzen dituen eskubide eta neurriak langileei ez aplikatzea ez baitira enpresako kontsideratzen, etabar luze bat.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, lantokietan antolatu eta urtean 50etik gora lagunen bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borrokatzeko deia luzatzen duen aldi berean. Borondate politikoa eta enpresarien behin-betiko konpromezua besterik ez dira behar lakra honekin amaitzeko, irabazi gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz.

Gehiengo sindikalak deituta, bihar, martxoaren 22an, 12:00etan enpresa aurrean elkarretaratzea.

Tokia: GOILASER (ZEGAMA)

Data: martxoaren 22a

Ordua: 12:00etan

Harremanetarako: Maria Imaz 688 899 181

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!