"Aukerak suspertzen" ekimena ipini nahi du martxan Urnietako Udalak

Aiurri 2023ko urr. 23a, 11:36

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, "Aukerak suspertzen" egitasmoa ipini nahi du martxan Urnietako Udalak: bolondres bila dabil, "gizarte-desabantailan dauden lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen ikaskuntza eta garapen akademikoa bultzatzeko". 

Zertara bideratuta dago proposamena, baina? Eskolako lanak egitera, gaitasun digitalen edota linguistikoen garapenera eta ikasteko tekniken ikaskuntzan dauden beharrak asetzera, hain justu ere, ikaslearen familiarekin elkarlanean. Hala, hori guztia gauzatzeko beharrezko materiala emango zaie (ordenagailuak eta konektagarritasuna bermatzeko gailuak, smartphone-a gailu egoki moduan kontuan izan gabe) irizpide zehatz batzuk betetzen dituzten haur eta nerabeei.

Bolondresen beharra

Hori horrela izanda, 18 urtetik gorako bolondes bila dabil Urnietako Udala, aipatutako ikasleen gidari-lanak egiteko. Zalantzak argitzeko, deitu 688 765 405 zenbakira edo mezua bidali olgavazquez@agintzari.com helbide elektronikora. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!