Super H eta Pausoka elkarteak, Bizipoza jaiaren antolatzaile

Aiurri 2024ko api. 23a, 08:29
©Kronika

Bizipoza irabazi asmorik gabeko elkartea da: haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Bizipoza jaian, antolaketa lanetan, buru-belarri dabiltza Urnietan sorburu duten Super H eta Pausoka.

Bizipozaren Jaia izango da Hernanin datorren apirilaren 27an. Hala, buru belarri dabiltza Urnietako bi elkarte antolaketa-lanetan: Pausoka eta Super H. Datorren asteko larunbatean izango da hitzordua eta, goizeko 11:00etatik hasita, egun osoko egitaraua prestatzen dabiltza, tokian tokiko herri eragileekin elkarlanean.

Hernanin, eremu batean baino gehiagotan izango da ospakizuna: Atsegindegi plazan eta inguruetan egingo dira ekimen guztiak, besteak beste, Biteri kultur etxean eta Urbieta kalean. “Elkarteen gunea” deitutako txokoan, Bizipoza aurrez aurre ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Halaber, “Ikuskizunen gunea” ere izango da, baita “tailerren gunea” ere, kutsu parte-hartzaileagoarekin. Gonbidatu bereziak gerturatuko dira egun horretan Buruntzaldeara, hala nola, Porrotx eta Marimotots. Dena dela, tokikotasunari garrantzia emate aldera, herriko zenbait elkarte ere bertaratuko dira: Ttarla dantza taldeko lagunak eta Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak, adibidez. Hala, Kanika aisialdi-taldekoek ere ez dute huts egingo. “Saiakera egin dugu, hernaniarron jaia ere izan dadin”, uste du Markel Oiarzabal Bizipozako kideak, “horregatik, hasieratik bildu gara herriko ikastetxeekin, kirol federatuko kideekin, herriko eragile ezberdinekin… Eta esan beharra dugu jaso dugun erantzuna oso baikorra izan dela. Zentzu horretan oso eskertuta eta oso pozik gaude”.

Ospakizuna ez ezik, sentsibilizazioari ere garrantzia emango diote hitzorduan, kanpaina bat egin baitute egunaren bueltan. Bestalde, laguntza oro ongi-etorria izango dela azaldu zuten aurkezpenean elkarteko kideek, “boluntarioak ere behar dira, oholtza beheko lana ere beharrezkoa da”. Inork interesa edukiko balu, edota egunaren gaineko informazio gehiago eskuratu nahiko balu, bi bide ipini ditu antolakuntzak: markel@bizipoza.eus helbide elektronikoa eta 688 733 696 telefono zenbakia.

Besoak zabalik hartu du Hernanik Bizipoza Jaialdia, herriko alkatearen hitzetan, luzea baita herriaren eta elkartearen arteko harremana: “Askotan, Bizipozarentzat etxe bilakatu da Hernani, eta esan beharra dut, bai Udalarentzat eta baita herritarrentzat ere ohore bat dela horrelako jaialdi bat egiteko gure herria etxetzat hartu izana. Esan bezala, orain arte elkarlanean jardun dugu Bizipozarekin, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu”.

Super H eta Pausoka elkarteak

Euskal Herri osoko 38 elkarte biltzen dituen elkarte handia da Bizipoza. Nork beretik, “izaera bereziko” auziak lantzen dituzte, askotariko errealitateak jendarteratzeko asmoz: “Bizipozaren helburua da denona eta denontzat beharko lukeen gizarte inklusibo bat eraikitzea, euskaratik eta euskaraz”. Euskara ez ezik, "elkartasuna, bizipoza eta auzolana" ere ditu jardunaren oinarri elkarteak. Bada, horiek guztiak beren tokia izango dute Hernaniko ospakizunean. Egitaraua antolatzeko zereginetan izan dute bi elkartek: batetik, Pausokak, eta, bestetik, Super H-k. Biek ala biek Urnietan dute sorburua.

Behar bereziak dituzten umeen familiez osatutako elkartea da Pausoka eta haurren bizi-kalitatea eta garapen funtzionala eta intelektuala hobetzea du helburu. Gaitz larria edo onkologikoa duten umeentzako laguntza elkartea da Super H, eta ikerketari ere bideratzen dio bere jarduna. Bi elkarteentzat nabarmenki garrantzitsua da horrelako egun batean parte hartzea, bakoitzak bizi duena plazatzeko aukera daukalako: “Gizarteak jakin dezan zergatik egiten dugun hau eta zergatik existitzen garen. Horregatik, antolatu dugu ekitaldi bat denontzat pentsatuta dagoena, denontzat egokitua”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!