Ospitalean da Mikel Iturria, Romagnako Giroan erorketa larriaren ostean

Aiurri 2024ko api. 23a, 09:37
Mikel Iturria 2022ko Ordiziako Klasikoan

Igandean, etaparen amaiera aldera, tropelaren aurretik zihoan motoa bapatean geratu eta horrek txirrindularien erorketa eragin zuen. Urnietarrak kolpe handia jaso zuen, eta zauri ugari ditu. Ospitalean dago oraindik.

Atzokoan Euskaltel Euskadi taldeak oharra zabaldu zuen: "Mikel Iturriak hainbat haustura eta burezur-garuneko traumatismo arina ditu. Egonkor eta arriskutik kanpo egon arren, istripuaren kolpea dela eta, beste egun batzuetan Morgagni-Pierantoni erietxean (Forlí) behaketan mantentzea erabaki da. Datozen egunetan bilakaera ona izatea espero da".

Senideekin harremanetan

Ospitalean da baina kontziente, eta urnietarrak etxekoekin hitz egin ahal izan du. Senideak zain daude, eta hurrengo orduetan Euskaltel Euskadi taldeko medikuak ospitaleko arduradunekin harremanetan jarriko dira. Ikustear da hurrengo orduetan zer egin. Akaso, hango ospitalean jarraitu edo, bestela, Euskal Herrira ekartzeko lanei ekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!