Zizurkilgo Duatloian, datorren apirilaren 20an, sprint distantzian

Aiurri 2024ko api. 13a, 08:00

Kirola izango da protagonista Zizurkilen, apirilaren 20ko arratsaldean. Izan ere, sprint modalitateko duatloia jokatuko baitute bertan. Proba ikusgarria da.

Kirolariek itzuli ezberdinak ematen dituzte, korrika nahiz bizikleta gainean, eta ikusleek puntu ezberdinetatik zuzenean jarraitzeko aukera izaten dute. 

Joxe Arregi plazatik emango zaio hasiera duatloiari. 16:15etan abiatuko dira emakumeak, eta ordu laurden beranduago gizonezkoak. Danena futbol zelaian jarriko dute trantsizio gunea; bertan izango dira kirolarien bizikletak prest. Ikuskizun ederra izaten da kirolarien joan-etorri azkarra inguru hartan jarraitzea. Giro polita sortzen da kirolaren inguruan. 

Gipuzkoako txapelketa

Kirolari federatu nahiz federatu-gabeek hartuko dute parte Zizurkilgo duatloian, sprint distantzian. Korrika bost kilometro egin ondoren, hogei kilometroko bizikleta itzulia izango dute Zizurkil eta Adunan barrena, eta amaitzeko, 2,5 kilometro egingo dituzte korrika. Euskadiko zirkuituan sartuta dago Zizurkilgo froga, eta Gipuzkoako txapelketa ere izango da, federatuentzat. 

Izen-ematea zabalik dago dagoeneko; www.labur.eus/duatloia webgunean dago horretarako aukera,  apirilaren 15a arte. 

Hirugarren edizioa izango da aurtengoa. 2022an abiarazi zuten lehendabizikoz, eta izandako emaitza ederraren eraginez, antolatzen jarraitzeko aukerari eutsi diote. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!