Helene Alberdi eta Joanes Goitisolo txapeldun, Zizurkilgo III. Duatloian

Aiurri 2024ko api. 20a, 20:41

Giro ederrarekin ospatu dute gaur Zizurkilgo Duatloiaren hirugarren edizioa. Sprint distantziako Gipuzkoako txapelketa ere bada Zizurkilgo proba. Helene Alberdi, Ainhoa Murua eta Enara Oronoz igo dira podiumera emakumeen kategorian, Joanes Goitisolo, Urko Herran eta Aimar Murua gizonezkoenean

Arratsaldeko 16:15etan hasi da duatloia. Emakumeak abiatu dira lehendabizi, korrikako lehen sektoreari helduz. Gizonezkoek 16:30etan hasi dute proba. 

Irudi ikusgarriak utzi ditu aurtengo duatloiak ere. Korrika saio bizien ondoren, bizikletarako trantsizioa egin, eta Zizurkil zein Adunan barrena ibili dira kirolariak. Korrika amaitu dute proba, Joxe Arregi plazaren pareko helmuga zehartu arte. Ainhoa Murua triatleta gaur itzuli da lehiara, eta bigarren postua eskuratzea lortu du, lan handia eginez.

Jendetza bildu da bide bazterretan, kirolarien lana gertutik jarraitzeko. Federatuak ez ezik, federatu gabeko kirolariak ere izan dira gaur Zizurkilen. Gizonezkoen artean, Eneko Gurrutxaga, Iñigo Lasarte eta Julen Etxeberria igo dira federatu gabekoen podiumera; emakumeen artean, Ania Arregi, Nahiara Sanchez eta Nerea Uranga.

Aiztondoko lehen sailkatuek ere saria jaso dute gaurkoan. Eneko Gurrutxaga amasarra izan da lehendabiziko gizonezkoa, eta Isabel Dumall asteasuarrak lortu du Aiztondoko lehen emakumea izatea. Lehiara itzulera egin du gaurkoan asteasuarrak, lan bikaina eginez.

Aiztondoko kirolarien artean

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!