Santa Krutz jaietako aipagarriena, egitarauari erreparatuta

Aiurri 2024ko api. 21a, 07:00
Artxiboko irudia.

Pregoia, herri krosa, hiru danborrada, bakailao txapelketa, kuadrillen eguna, herri bazkaria, sagardo-lehiaketa eta txakolin-dastaketa... Egitarauko hitzordu ugari betikok dira. Baina badira aipatzea merezi duten ekitaldiak

Urtero lez, Santa Krutz Jai Batzordeak egitarau oparoa osatu du jaietarako. Astearte arratsaldean hasi eta igande arratsaldera bitarte luzatuko da jai giroa, haur, gazte zein helduentzat.

Asteartean, haur pregoia eta txupinazoa izango dira protagonistak, betiere, txarangaz, danborradaz eta Lebiton konpartsaz lagunduta. Aurtengoan, Irunberri Kultur Elkarteak botako du txupina. Gauean, andoaindarrez osatutako Arrixku eta Gozo Gozo taldeek hartuko dute oholtza.

Asteazkenean, parranda bota ez duten kirolariek beren hitzordua izango dute: Kros Herrikoia eta txirrindulari lasterketa. Bestalde, ondo pasatzeko eguna den arren, ezin alde batera utzi oroimena; izan ere, Joxe Ramon Ansa oroituko dute Espigoiean, “Ez gaude ahaztuta” izenpean. Ausartenak ere erreka jaitsieran parte hartzeko aukera izango du. Txikienek ere edukiko dute zer egin, esaterako, bizikleta festan parte hartu edota Zezensuzkoaz gozatu.

Ostegunean aurkezpen handirik behar ez duen eguna ospatuko da, Kuadrillen Eguna. Egun osoko egitarau oparoa egin dute.

Egun berezia izan ohi da Santa Krutz eguna eta ostirala dela jakinda, jendetza espero da Zumean, Bekoplazan eta Kale Nagusian. Ohi bezala, Bandedaren Jaitsierak, Ezpata Dantzak eta Eskopeteroek hartuko dute protagonismoa. Urkikoek beren arropa zuri-gorriak jantzita erakustaldi ikusgarria egingo dute Udal Korporazioaren aurrean eta, ondoren, ikusleek, herritarrek eta festazaleek txakolin dastaketaz gozatzeko aukera edukiko dute. Horrez gain, parranda giroan murgilduko dira herritarrak, arratsaldetik aurrera, Elektropottote-rekin eta, gauean, Nikotinaren eta Hofe-ren kontzertuekin.

Larunbatean ere askotariko ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da; besteak beste, artisau azoka, haurrentzako xake-txapelketa, musika-emanaldiak, auzo bazkaria, DJ-ak eta bakailao txapelketa, beste batzuen artean.

Azken egunean, igandean, ezin aipatu gabe utzi bermouth musikatua eta sagardo txapelketa, betiere, musikaz lagundua. Horrez gain, jaiak amaitzeko Zezensuzkoaz gozatzeko aukera edukiko dute gaztetxoenek, eta Babarrunba kontzertuaz helduagoak direnek.

Omenaldia
Aitziber Ugartemendia Jai Batzordeko kide ohiari egingo dioten omenaldia nabarmendu beharra dago; Espigoian deitu duten bermouth musikatuan, igande eguerdian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!