"English speaking" taldea Zizurkilen, eskualdeko hainbat lagunen parte-hartzearekin

Alba Cabrera Jauregi 2023ko aza. 7a, 12:32

Ingelerak batzen ditu Olga Basterretxea eta Arantxa Otermin. Ingelerak? Bai, bai, ingelerak. Aiztondon, orain 15 bat urte bildu zen lehenengoz mahaiaren bueltan talde bat, hizkuntza horretan mintzapraktika egin asmoz. Egun, asteazkenetan egiten dute hitzordua.

Zer dela eta ekin zenioten "English speaking" egiteari?

Olga Basterretxea: Txikia nintzela, ingelera ikasi nuen. Eta horrekin jarraitu nahi nuen, praktikatzen, ez ahazteko, besterik gabe. Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz eta, tarteka egokitu zait ingelera erakustea, oinarrizko mailetan. Bada, garai batean ikasitakoa galdu nahi ez eta duela hamabost bat urte sortu zen lehen taldea. Hasieran, askotariko herritako jendea biltzen ginen tabernan. Denborarekin, aldatzen joan da formatua. Karenekin, Larraulen bizi den holandar batekin harremanetan ipini eta Zizurkilen batzen hasi ginen, klase formalagoetan. Irakasle gehiago ere eduki ditugu, tartean, Sri Lankako Sam (Londresen hazia). 

Arantxa Otermin: Guk eskatuta, momentu horretan Zizurkilgo Udalak antolatzen zuen. Guk matrikula txiki bat ordaintzen genuen eta ordaindu egiten zitzaion irakasleari.

Noiz sartu zinen taldean, Arantxa?

A.O.: Sam irakasle zela. Oso berandu ikasi nuen nik ingelera. 50 urteak pasata. Hizkuntza eskolan hasi nintzen, eta hutsetik hasita, urtez urte, bertan izan nintzen, C1 arte. Bada, ikastiakoa mantendu nahi nuen, behintzat, bidaiatzeko gai izateko. Horrekin jarraitzen dut, ikastea hainbeste kostatu zaidan hizkuntza ez galdu nahian! 

Ez da lan makala 15 urtez dinamikari eustea. Gaur egun, zein forma du ingelera praktikatzeko antolatzen duzuen hitzorduak?

O.B.: Irakasle gabe gelditu ginen, pandemiaren ostean, duela hiru urte. Horrelako batean, Aiurri aldizkarian iragarki berezi batekin egin nuen topo: hizkuntza-trukaketa egiteko txoko bila zebilen norbait. Harremanetarako helbide elektronikoa zeukan. Kuriositatez, idatzi egin nion. Danimarkakoa da Annete eta bere alabak zintzilikatu zuen iragarkia, Andoainera etorri baitziren bizitzera. Hala, talde zaharretako kideak elkartu ginen, eta, orain, hirugarren ikasturteari ekin diogu irailean, Anneterekin.

A.O.: Orain Iriarten elkartzen gara, Udalak utzitako gela batean, doan. 

Zenbateko maiztasunarekin biltzen zarete?

A.O.: Astean behin biltzen gara, ia bi orduz. 

O.B.: Aldiro, gutako batek ardura hartzen du; batetik, aste horretako mintzagaia proposatzen du eta, bestetik, klasea hasi baino 45 minutu lehenago hizkuntza-trukaketa egiten du Anneterekin, alegia, euskaraz edo gaztelaniaz hitz egiten du berarekin. Ondoren, gainerakoak etortzean, ingeleraz mintzo gara.

Batzeko interesa duenak nola jarri zuekin harremanetan?

O.B.: Helbide elektroniko honetara idatz dezala: villabaste@gmail.com.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 636 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!