Eneko Gurrutxaga eta Maria Gomez gailendu ziren Adunako Mendiduatloiean

Ainhoa Gil 2019ko aza. 25a, 14:11

Eguraldi kaxkarrarekin egin zuten Adunako Mendiduatloia. Korrikako lehen sektorean ateri eutsi bazion ere, zaparrada polita bota zien bizikleta gainean zebiltzan kirolariei. Eneko Gurrutxaga amasarra izan zen garaile eta honenbestez, Euskal Herriko Zirkuituko lehen postua ere bereganatu zuen. Maria Gomezek ere lehen postuan amaitu zuen Zirkuitua.

Iñaki Isasi eta Jon Aperribai izan ziren, urrenez urren, bigarren eta hirugarren. Emakumeen artean, Ainara Pequeño sailkatu zen bigarren postuan.

Eguraldi petrala izan bazuten ere, 75 kirolari inguru bildu zen Adunako plazan jarritako irteerako puntuan. Banaka egin zuten proba batzuk, bikoteka beste askok. Zirkuituko azken proba baliagarria zen Adunakoa eta hori ospatzeko, sagardotegian afaltzeko elkartu ziren kirolariak.

Goizean egitekoa zuten haurren mendiduatloia bertan behera utzi  behar izan zuten, eguraldi txarragatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!