"Gizakia legeak idazten hasi zenean, aforismoak egiten zituen"

Ainhoa Arozena 2020ko uzt. 3a, 08:56
Juan Kruz Igerabide, Adunako etxe atarian.

Azken urteetan Donostian bizi arren, sustraiek tira egiten dute, eta maiz etortzen da Juan Kruz Igerabide Adunara, bere jaioterrira. Bertan egin dugu hitzordua, besteak beste, bere azken lanaz hitz egiteko: ‘Noiz arte arrazoi’ aforismo liburuaz

Zer moduz igaro duzu konfinamendua?

Nik ondo. Ohituta nago etxe barruan egotera. Hala ere, desberdina da beti behartuta egotea. Konfinamendua hasi eta segidan lan edo proposamen ezberdinak etorri zitzaizkidan, eta haiek aurrera ateratzeko aprobetxatu dut. ‘Bularretik mintzora’ orain 30 urte egin nuen haurren literatura saiakera gaztelaniara itzultzen aritu naiz, besteak beste. Liburu hura atera zenetik gaur egunera denbora asko igaro denez, eta ikuspegiak aldatu egiten direnez, ia berridatzi egin dut gaztelaniazko bertsioa: pasarte ugari aldatuz. 

Zein eragin izan du COVID-19aren etorrerak letren munduan?

Internet bidezko liburu salmentek gora egin dute, baina kultura geratu egin du birusak: bai musika, zer esanik ez antzerkia, eta gainerako guztia. Liburuak irakurtzeko garai ona izan da, baino jendeak etxean zeuzkanak irakurri ditu, edo Internetez erositakoak.

Konfinamendu bete-betean, maiatzaren 18an, modu birtualean aurkeztu zenuten zure azken liburua: ‘Noiz arte arrazoi’…

Bai, hala egin genuen. Konfinamendua hasi zen astean liburua aurkezteko hartuta geneukan lekua. Azken momentura arte zain egon baginen ere, bertan behera utzi genuen aurkezpena, eta geroago modu birtualean egin genuen. Teknologia erabili eta etekina ateratzeko garaia izan da. Jakina, baditu bere abantailak, baina baita hoztasun puntua ere: pertsonekin aurrez aurre egotea goxoagoa da.

Laugarren aforismo liburua idatzi duzu. Aforismoa, esaldi bakarrean ideia koherente eta indartsuak biltzen dituen generoa da. Zenbat gogoeta esaldi bakar horietako bakoitzaren atzean?

Saiakerak hartu eta handik pentsamendu nabarmenenak aukeratu izan dira filosofo edo nobelagile ugariren kasuan: esaterako, Friedrich Nietzsche edo Franz Kafkarenean. Pentsa dezakegu horren azpian badagoela diskurtso, narrazio edo pentsamendu sistematiko bat. Gaur egun, gero eta zailagoa da pentsamendu sistematiko bat asmatzea, kolokan jarri baitira haietako asko, eta fragmentariotasun edo zatikakotasunera etorri gara. Oraindik ere badira, noski, baina egun ikusten ditudan saiakerak pentsamendu sistematikoak baino, aforismo luzeak dira gehiago. 

Zaila da aforismoak segidan idaztea, tontokeriak esaten bukatzeko arriskua baitago orduan. Nik urteetan zehar idatzi ditut. Koaderno edo paper solteetako notatxo horiek niretzat idazten ditut, eta besteentzat balio dezaketela iruditzen zaizkidanak moldatu egiten ditut. Egokitze hori izaten da lanik zailena. 

Espiritualtasuna, erlijioa, zientzia, medikuntza, artea, –oro har–, maitasuna, bizitza, heriotza, gizartea… Bizitza bere osotasunean bildu duzu liburuan…

Kasu honetan ez ditut aforismoak atalka banatu, ibai edo erreka sentsazioa eman nahi nielako. Imagina dezagun bizitzaren ibaian murgilduta gaudela, eta tarteka, burua ateratzen dugunean, pentsamendu bat topatzen dugu. Modu horretan eginda daude. Ibaia aurrera doan heinean, beraz, gai ezberdinak topatuko ditugu ibaiaren bide horretan. Aurrekoetan sailkatu egin nituen bezala, fluxuan utzi ditut oraingoan. Ibaiaren erritmoa du, ez erritmo antolatua.

Aforismoak bere baitan dakar kritika eta umorea, baita kasu honetan ere…

Aforismoaren oinarri handi bat begirada kritikoa da. Baina begirada horri umorea gehitzen diozunean, zeure buruari egiten diozu lehen begirada kritikoa, eta gauza bera ironiarekin ere. Ironia, azken finean, esan gabeko kritika bat baita. Sarkasmora iristen ez den ironia erabili dut liburuan, ez adeitsua ere, baina esan gabe uzten den horrekin, aukera bat uzten zaio kritikatzen den horri. 

Esaldi laburrak izanagatik, patxadaz irakurtzeko liburuak dira aforismoenak. Ez gaude agian halakoak irakurtzera ohituegiak. Nola irakurri beharko lirateke, zure ustez?

Bi eratara irakurtzen ditut nik: solteak, tarteka, jauzika. Zizka-mizka moduan, nahiz eta horrek aforismo batzuk ez irakurtzeko arriskua duen. Hori bai, egile batzuenak, nobela bat bezala irakurtzea gustatzen zait. Harrapatzen nauten egile batzuen aforismo liburuak ezin izaten ditut amaierara iritsi arte utzi. Batzuekin gainera interes ikaragarria daukat eta idazlearen ikuspegitik ere irakurtzen ditut halakoak, nire buruari ‘nola egin du hau?’ galdetuz.

Esaterako, Marco Maria Marcialen ‘Epigramak’ irakurriz edo Juvenalekin ere, aforismoak egiten asko ikasten da. Aforismoak baino saiakera txikiak dira. Fernando
Pessoaren ‘M·scaras y paradojas’ edota Arthur Schopenhauerren ‘El arte de tener razÛn’ liburuetakoak oso onak dira. Azken horretan, arrazoi bat eta kontrakoa berdin-berdin defenda ditzakeela ikusten da. 

Aforismoaren irakurketa arina da. Liburu osoa azkar batean irakur daiteke segidan hasiz gero. Baina aztarna uztekotan, egokiagoa da seguruenik puskaka irakurtzea.

Liburuan barrena, literaturari aipamena egiten diozunean, poesia aipatzen duzu maiz. Poesia gutxiengoaren generoa bada, zer esan aforismoaz?

Desberdinak dira. Aforismo irakurlea ez da beti poesia zalea, eta alderantziz. Bi mundo oso bitxiak dira: nobela eta antzerkiaren antzera… Nire kasuan poesia eta aforismoa oso lotuta daude, eta gainera, aforismo batzuk poetikoak dira. Zentzu zabalean hartuta, denek dute kutsu poetikoa. Ez baitakigu oso ondo non dagoen poesiaren muga, eta poesiatik aforismora, beraz, oso salto txikia dago. Poesian eta baita bertsolaritzan ere, idazten edo botatzen den azken zartako edo arrazoi hori aforismoa izaten da maiz.

Liburuko titulua bera aforismoa da: Noiz arte arrazoi…

Hala da, bai. Gure artean ‘Noiztik hik arrazoi’ erabiltzen da asko herri hizkeran. ‘Noiz arte arrazoi’, berriz, Adam Zagajewski poetaren aipu batetik dator. Berak arrazoiaren mugen artean kokatzen ditu aforismoak, eta hori horrela egin da denbora luzean. Baina badago aforismoak egiteko beste modu bat: arrazoien mugekin jolastuz eta kanpora ere ateraz. Eta hor, jada, poesiara jotzen duzu. Noiz arte arrazoi?, bada, hanka mugatik ateratzen duzun arte. Halako aforismo asko egiten da egun: arrazoiaren mugekin jolastuz, gogoeta poetikoa geratzen da, arrazoiarekin bakarrik bildu ezin dena.

Liburuaren amaieran, aforismoen historia laburra egin duzu Babiloniako harrien artetik egun Twitterreraino egin duten bidetik abiatuta…

Aforismoen ezaugarriak labur-labur eman ditut historian zehar egindako bide horretan. Gizakia Babilonian legeak idazten hasi zenean, aforismoak egiten zituen: lege horiek aforismo eran baitaude idatzita. Medikuntza jasotzen hasi zirenean, Hipocratesek ere aforismoak idatzi zituen medikuntzaren jakintza biltzeko. Lehen filosofoek poesia asko idatzi zuten, baina poesia eta aforismoen arteko esaldiak dira. Geroago etorri zen diskurtso luzeagoa Platonekin, eta Aristotelesekin, batez ere. Pentsamenduaren historian hasieran horiek daude, eta jarraitu izan dute aurrera begira ere. Horregatik harriaren ezaugarria, zorroztasunarena… Biblian zehar ere aforismo asko dago.

Aforismoak eta herri tradizioko errefrauak ere mugakoak dira. Aforismoaren garapen handia Errenazimendu garaian etorri zen gerora: Erasmok berak aforismo zoragarriak idatzi zituen. Hor hasten da aforismo modernoa. Aforista-moralistak dira horiek, moralaren mugak aztertzen dituztenak, eta oso zorrotzak dira: frantsesak batez ere. Ilustrazioaren garaian, arrazoiaren loraldiarekin beste garapen izugarri bat izan zuen: zientziarekin, pentsamendu zientifikoarekin… 

Elkarrizketa osorik: 564 Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!