"Atzerritarrak ere etortzen dira sagardotegira”

Olatz Lasa 2020ko urr. 11a, 14:54

Adunako Zabala sagardotegiko Martin Zabalak azken denboraldiaz eta datorrenaz hitz egin du ondorengo elkarrizketan, baita aurtengo sagar-uztaz eta sagardo berriaz ere.

Ezohiko denboraldia izan da 2020koa…

Ustekabean iritsi zen COVID-19a. Egoera berria. Ezjakintasuna… Ekainean ireki genuen sagardotegia, eta udan lanean aritu gara. Irailaren 12an amaitu genuen denboraldia. 

Neurri bereziekin egin dugu aurrera: mahaiak kanpoan jarrita. Terrazan estalpe berria jarri behar izan genuen mahai gehiago sartu ahal izateko. Baina normalean baino mahai gutxiago izan da, elkarren arteko tartea mantentzeko. Taldeak ere hamarrekoak bakarrik. 

Zer nolakoa izan da bezeroen erantzuna?

Bezeroekin gustura, baina guk tentsioan egin dugu lan. Zerbitzatzeko ohiturak aldatu behar izan ditugu: platerak ipiniz, bakoitza bere mahai-tresnekin… Eta txotx egitera hamarreko taldeetan joan gara. Lehen bezala ezin kontuak esaten kupelaren ondoan geratu.

Zer moduz doa aurtengo sagar bilketa?

Irailaren 21eko astean hasi ginen. Sagastiak garbitu eta dena prestatu genuen sagarrak biltzen hasteko. Aurtengoan berandu samar hasi gara, baina ez da posible izan lehenago egitea. Aurtengoan sagar gutxi izanik, hamar bat egunetan egin dugu bilketa. Beste urteetan pare bat hilabetetan aritzen gara sagarrak biltzen.

Zein ondorio ekarriko du sagar urtea ez izateak?

Sagardo gutxiago egin beharko dugu. Gu, egia esan, sagardo gutxiago saltzen ari gara. Saltzen dugunaren arabera egingo ditugu kalkuluak.

Kupelean edo botilan, nola eskainiko duzue ekoitzitako sagardoa?

Ez dakigu oraindik. Egunetik egunera aldatzen doa egoera eta ikusi egin behar. Seguruenik, berriro ere abenduan hasiko gara martxan, eta ordurako denboraldia nola abiatu jakingo da. Udako ereduaren antzekoa izango da nire ustez. Baina denboraldi kaskarra aurreikusten dut: ez dakidalako txotxeko probaketak nola uztartuko diren egungo egoerarekin.

Hasiko zineten aurtengo sagarrarekin probak egiten…

Aurtengo sagardoak iazkoak baino alkohol gehiago du. Egin berri ditugu analisi batzuk eta horrelaxe da: azukre gehiago du sagarrak.

Erreportajea osorik, Aiurri hamaboskariaren 568. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!