Ur parke berria Adunako herrigunean

Sara Medrano 2021ko eka. 21a, 08:00

"Jendea lasai egoteko eta udaz gozatzeko gune baten beharra zegoela jabetu ginen", adierazi du Amilibia alkateak.

Joan zen astean, Adunako parke berria zabaldu zuten. Ikusmina handia zen eta herritar ugari hurbildu zen azpiegitura berriaren irekiera ekitaldira. Herriko txikiek bertan jarritako gailuez probatzeko eta gozatzeko tartea hartu zuten; ur jokoak, atsedenlekurako mahaiak, iturria, komun publikoa, nagusientzako ariketak egiteko gailuak eta belaze zabal bat aurki daitezke bertan.

Udalerria oinezkoen zerbitzura jarrita

“Azken urteetan herria urbanizatu eta peatonalizatu egin da, eta zonalde berde baten beharra zegoela jabetu ginen, jendea lasai egoteko, udaz disfrutatzeko, kirola egiteko… Herritarren adin tarteak eta haien beharrak aintzat hartuz, guztientzat baliagarriak izango diren elementuak ezarri nahi izan ditugu”, adierazi zuen parkean bertan Josu Amilibia Adunako alkateak. 

Erabilera zuzena egiteko deia

Adunarrek aukera paregabea izango dute aurtengo udan, parkeaz disfrutatzeko. Ur jokoen funtzionamendua, 11:00etatik 20:00etara bitarte egongo da martxan egunero, eta pultsadorea sakatu eta ur txorrotek lau minutuko iraupena izango dutela aipatu du alkateak. 

Aurrerantzean parkea erabiltzen den bakoitzean, Covid-19aren inguruko Osasun Sailak gomendatutako neurriak betetzea eskatzen zaie erabiltzaileei. “Herritar guztiei eskatzen diegu, parkearen erabilera zuzena egin dezaten, eta umeei, balioan jar ditzatela bertan dauden elementuak", zabaldu dute mezua udaletik. 

Parkearen kostua 300.000 euro ingurukoa izan da eta bi diru laguntza jaso dituzte Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailetik. 

Parkea balioanitza dena eta zerbitzu ezberdinak herritarrei eta gainontzeko herritarrei emateko sortu dela dio Amilibiak. Guztiok gozatu eta gure txokoak zaindu ditzagun. 

Inguruko herrietatik, Adunara hurbildu aurretik, parkea ezagutzeko aukera dago Aiurri.eus webgunean dagoen bideoaren bitartez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!