Abesbatzen musika zikloaren laugarren edizioa, igandetik aurrera

Aiurri 2019ko mai. 3a, 16:08

Sofia Quilez buru den eta Juan Mari Iparragirrek zuzentzen duen Amasa-Villabonako Eresargi abesbatzak, urtetik urtera geroz eta arrakasta handiagoak biltzen dituen eta Tolosaldeko erreferente nagusienetariko bihurtzen ari den Abesbatzen musika zikloaren laugarren edizioa antolatu du. Gurea antzokian burutuko da, maiatzeko igandeetan zehar, 19:30etik aurrera.

Kalitatea bereizgarri moduan duen laugarren edizio honetan, programazio zabala eskaintzen dute, formatu klasikoak zein proposamen modernoagoak uztartu eta heterogeneotasuna zein Euskadin hain errotutako musika modalitatearen ekintza eremua erakusten dutelarik. Honako hau da Udaleko Kultur Sailak babesten duen ekimen honen programazioa:

Maiatzaren 5a, igandea. Errenteriako Zariagaz Abesbatza

2015ean sortu zen Zaria Koru Eskolarekin batera. 14 eta 22 urte bitarteko gazteek osatzen dute Imanol Elizasuren gidaritzapean. Koru honek, nazioartean esperientzia handia jorratu du, partaideetako batzuk Zaria Abesbatzak Estatu Batuetan egin zuen biran parte hartu dutelarik. Paris, Dax eta Manlleun burutzen diren festibaletara gonbidatu dituzte eta aurten, Hannover hiriko “Ganz ist Chor” festibalean hartuko dute parte Txekiatik egingo duten biran. Horrez gain, proiektu berriak garatuko dituzte Kanada eta Ipar Amerikako beste hainbat abesbatzekin. “Memories of Queen” ikuskizuna antolatzen ari dira azarorako. Benito Lertxundiren “Kimua Zuhaitzan” azken diskoan ere kolaboratu du Zariagazek.

Maiatzaren 12a, igandea. Hondarribiako Xatz Eskifaia

1985. urtean, Hondarribiako Eskifaia Abesbatza elkarte kulturalaren barnean sortu eta hainbat ahotsez osatutako abesbatza da. Xatz-ek garrantzi berezia ematen die kontzertu bakoitzari, ikuskizun bakoitza, koherentzia, zehaztasun eta mimoak izugarri ondo bateratuz. Gu Geu taldearen sortzaile eta pianojole den Amaia Aldalurrek zuzenduta, Xatz Eskifaiak sariak lortu ditu Tolosa zein Arrigorriagako txapelketetan.

Maiatzaren 19a, igandea. Primital Brothers

Aktore, komiko eta konpositorez osatutako talde berritzaile honek, beraien ahotsak eta mugimenduak baliatzen dituzte ikuslea umorez beteriko mundu batera garraiatzeko. Primital taldeak, onomatopeien bitartez, kultura azpi moduko konexio berezi bat lortzen du pertsonen psikologiarekin. Oskorri taldeko kide ohia den Santi Ibarretxe konpositore eta saxofonista bizkaitarrak sortu zuen Primital Brothers taldea eta Estopa, Miguel Bosé eta Victor Manuel zein Ana Belén bezalako artistekin kolaboratu dute. Musika eta komedia batzen dituen hainbat ikuskizunen egile den Pedro Herrero aktoreeta antzerki gizona; Bilboko abeslari elektriko eta basatia Iñigo Garcia eta The Hole diziplina anitzeko ikuskizunaren aktorea den Adrían Garcia baritonoak osatzen dute taldea, Santi Ibarretxerekin batera.

Lehen bi kontzertuetarako sarrera doakoa izango da. 7 €koa, berriz, Primital Brothers taldea ikusteko. Emanaldi guztiak Gurea aretoan eskainiko dira, arratsaldeko 19:30ean. Eresargi abesbatzak zein Udalak, musika maitale guztiak animatu nahi ditu musika ziklo honetaz gozatzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!