Santioak 2019

"Ezkontza" konpartsaren 50. urteurrena ospatuko da Santio jaietan

Aiurri 2019ko uzt. 5a, 11:17

Konpartsa uztailaren 26an, Santa Ana egunean, irtengo da kalera 11:30ean elizako ataritik abiatuta. Bazkaria 14:30ean izango da Amalurra plazan eta 18:00etan kalejirari ekingo diote Pasai txarangak alaituta.

1969. urteko uztailaren 26an, Villabonako 16-18 urteko gaztetxo batzuk antolatu zuten "Ezkontza" konpartsa jaien egitarautik kanpo, "gazte-matxinada" jarrerarekin. Haur baten guraso ziren ezkongaien ezkontza-parodia prestatu zuten, Conchita Uranga eta Josepi Arregik zuzendari lanetan aritu zirenalarik. Urte horietan Santa Ana ezkonduen eguna izaten zen, eta hortik dator konpartsari "Ezkontza" izena ematea. Konpartsako kideek adierazi dutenez, "ez ginen ausartu apaiz edo aguazilik eramatera. Pertsonaia horiek 1994. urteko 25. urteurrenean berreskuratu genituen".

Konpartsak eduki zuen arrakasta ikusita, Villabonako Udalak uztailaren 30ean konpartsa berriro ere kalera ateratzeko eskatu zien, egun horretako gastuak udalaren esku geratu zirelarik.

50. urteurrena
Egun 66-68 urte dituzte konpartsa kalera atera zuten gaztetxo haiek. "Jai batzordearekin, udalarekin, kuadrillekin eta herritarrekin berriro atera nahi dugu konpartsa, jatorrizko ideia ahalik eta gehien errespetatuz", azaldu dute.

Izena eman nahi dutenek uztailaren 20 arte dute epea. Helduek 30 euroko eta 12 urtetik beherakoek 11 euroko diru-sarrera Kutxabank-eko ondorengo kontuan ingresatu behar dute: 2095 5072 6091 1866 3363; eta pertsonaren edo kuadrillaren izena zehaztu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!