1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen jarraitzen dute pentsiodunek

Aiurri 2019ko aza. 4a, 15:36

Azaroaren 16an Donostiako manifestaziora joateko gonbita luzatu dute. 17:00etan hasiko da eta norberak bizpahiru lagun eramateko aldarria egin dute, jende gehiago batzeko mobilizaziora.

Beste astelehen batez kalera irten dira pentsiodunak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzera. Berdura plazan elkartu dira eguerdian eta bertan adierazi dutenez, "gogaituta gaude itxaroteaz, eta egoerak merezi duen erantzuna emateko gure mobilizazioak ugaritu eta indartu egingo ditugu". Euriak ez ditu kikildu eta herrian barrena lema ezberdinak ohikatuz aritu dira elkarretaratzean: "Bizitza lanean, orain miserian"; "Pentsio duinak orain eta betiko" edota "Urkullu entzun 1.080". 

Hamaika euskal eragile sozialekin bildu direla esan dute, hala nola mugimendu feministekin, gazteriarekin, ikasleen sindikatuekin, ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT, CNT, Hiru sindikatuekin eta Euskal Herriko gudu soziala osatzen duten eragile sozial gehienekin (merkataritzekin, auzo elkarteekin...). Pentsiodunen mugimendua ez dela eragile horien bozeramaile izan ezta izango esan dute, nahiz eta "oso ondo ezagutzen dugun norainokoa den beraien konpromisoa guk egin dizkiegun proposamenen inguruan, baita lan uzteari buruz ere". Eragile sozial horiek hurrengo hiru hilabeteetako mobilizazioetan hartu nahi duten konpromisoa zenbaterainokoa den askatasun osoz hartuko dutela gehitu dute.

Hurrengo mobilizazioak
"Azaroaren 16an, hauteskundeen ondoren, Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Iruñeako kaleak beteko ditugu eta ozenki ohitukatuko dugu gure aldarrikapenen erantzunek ezin dutela minutu bat gehiago ere itxaron", azaldu dute pentsiodunek Villabonan.

Abenduan Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako parlamentuengana joko dute: "Pentsioen sistema publikoa bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela exijituko diegu, 1.080 euroko pentsioa ziurtatzeko eta soldata eta bizitza duinak gauzatzeko".

Urtarrilean mobilizazioen bigarren urtemuga ospatuko dute eta giza mobilizazio orokor eta indartsua antolatuko dutela adierazi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!